INFO

Talde-lan sendoa beharko du Lointek Gernika Bizkaiak Enea Gorzow poloniarra gainditzeko

Sandra Ygueravide errekuperatu denez geroztik, emaitza bolada okerra zuzendu du talde bizkaitarrak, baina Emakumeen Eurocupeko final-hamaseirenetako kanporaketa gainditzeko, valentziarraren talentua baino gehiago beharko da. Joaneko dema asteazkenean 20.00etan jokatuko da Malosten.

Ygueravide itzuli denetik, asko indartu da gernikarren jokoa. (Jon URBE | FOKU)

Behin baino gehiagotan, larrutik ordaindu du Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Eurocupean arerioek duten talentua. Duela zenbait urte Galatasaray 15 puntuko abantailari buelta emateko kapaz izan zen eta ez dago asko oroitu beharrik duela urtebete eskar Mersin Çukurovaren aurka zernolako kanporaketa «pairatu» behar izan zuen talde bizkaitarrak, Malosten 83-59 irabazi arren.

Ikusi egin behar Poloniako Enea Gorzow taldearen kontrako kanporaketak zer dakarkion Anna Montañanaren taldeari, baina beste ezer baino gehiago, talde-lan bikaina egin beharko dute gernikarrek datorren asteko itzulerako demara ahalik eta aukera gehienekin iristeko. Hortarako asteazken gau honetan, 20.00etatik aurreram nahikoa zeregin izango dute.

«Asteazkeneko partida aurreneko bi laurdenak balira bezala hartu behar dugu», iritzi dio Anna Montañana entrenatzaileak. «Poloniarako bidaia ez da erosoa izango, hiri handienetatik urrun xamar baitago. Beraz, hara lasaiago joateko Maloste gure alde erabili behar dugu, ahal bada aldea atera eta horrela kanporaketa erabakitzen denerako aukerekin joan ahal izateko», gaineratu du.

Azken aldian emaitza bolada txarrean sartuta zegoen Lointek Gernika Bizkaia, baina pasa den astean buelta eman zion inertzia gaizto horri, Lugon Ensinori eta Malosten Murtziako Jairisi irabazi eta gero. Horren ondorioz, Kopa jokatzeko txartela eskuratu zuen talde bizkaitarrak.

Bosteko bikaina

Neurri handi baten, Sandra Ygueravideri esker eman dio buelta une arriskutsu horri Gernikako taldeak. Kanaria Handiaren aurka hatz bat hautsi zuen antolatzaile valentziarrak eta abendu amaiera aldera arte jokatu ezinik izan da antolatzaile beteranoa. Alabaina, mila mesede egin dio itzuli eta gero, are gehiago Ygueravide ez ezik, azken aldian Julie Wojta ere jokatu ezinik dabilelako, giharretako arazoen erruz.

Baina Enea Gorzowri aurre egiteko ez da nahikoa izango jokalari bataren edo bestearen talentua, talde-lana baino. «Poloniarrek errotazio nahiko laburra darabilte, baina oso jokalari onak ditu, nolanahi. (Allana) Smith australiarrak WNBAn ere jokatzen du eta puntuak sartzeko erraztasun handia dauka. Horren aurrean defentsan ahalik eta sendoen egon beharko dugu asteazkenean, ohi dutena baino puntu gutxiago sar ditzaten. Hortarako, ahalik eta partida deserosoena izan dezaten saiatu behar dugu», azpimarratu du Anna Amontañanak.

C taldeko jaun eta jabea izan da Enea Gorzow, Galatasaray lako talde bikain bat atzean uztea laga eta gero. Turkian 68-66 galdu zuen, baina ostyerantzeko beste bost partidak bereganatu zituen talde poloniarrak, batez beste 79 puntu sartu eta gero.

Esan bezala, Allana Smith hegaleko australiarra da beraien izarra, batez beste 20,5 puntu eta 8,5 errebote lortzen dituelako. Jokoa sortzeko giltzarri diren Lindsay Allenek eta Zoe Wadouxek 11 eta 14 puntu lortzen dituzte partidako, hurrenez hurren. Beste 11 puntu eskuratzen ditu Kroaziako Chantel-Anais Horvatek eta Turkiako Tilbe Senyurek pibotak 14,7 puntu eta 7,5 errebote sinatzen ditu neurketa bakoitzean.

Bosteko hori da Poloniako taldearen bizkarrezurra, osterantzeko jokalari gehienak jende gazteak eta eskarmentu handirik gabekoak baitira.

Horren aurrean, noski, Anna Montañanak agindutakoaz gain, aurreko denboraldietan Europan ikasitakoa martxan jarri beharko dute bizkaitarrek, baita aurreneko fasean aurrera egiteko behar izan duten guztia ere.