INFO

Donostian izandako sexu erasoa salatu dute erakunde eta alderdietako ordezkariek

Alderdi eta erakundeetako ordezkariek protesta egin dute astearte honetan Donostian, hilaren 18an emakume gazte batek jasandako sexu erasoa salatzeko.

Alderdi eta erakundeetako kideak, Donostiako Udalaren atarian eginiko protestan. (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak deituta, ‘Eraso sexisten aurka’ lelopean elkarretaratzea egin dute astearte honetan alderdi eta erakundeetako ordezkariek. Bost minutuko isilunea eginda, iragan abuztuaren 18an emakume batek jasan zuen eraso sexista salatu nahi izan dute.

Han izan dira, besteak beste, Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta; Miren Arzallus alkateordea; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea edota Nerea Isasi, Berdintasun foru zuzendaria. EAJ, PSEo eta PPko zinegotziak han izan dira eta, EH Bilduren izenean, Nerea Kortajarena bertaratu da, koalizioak Gasteizko Legebiltzarrean duen bozeramailea.

Bost minutuko isilunearen ondotik hedabideei eginiko adierazpenetan, Gipuzkoako hiriburuan jazo zen sexu erasoa gaitzetsi du Elgarrestak.

Abuztuaren 18an, Aste Nagusiko azken gauean, Alde Zaharrean emakume gazte bati sexu erasoa egitea leporatuta, 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, iragan igandean Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez.

Biktimari «elkartasuna eta babesa» helarazteaz gain, erakundeek horrelako kasuetarako dituzten «baliabide eta zerbitzu guztiak» haren eskura jarri dituztela nabarmendu du Elgarrestak, eta herritarrei dei ere egin die, matxismoaren aurka eta berdintasunaren alde «proaktiboagoak» izan daitezen.

«Eraso sexisten aurrean ‘nahikoa dela’ dioen gizarte bat behar dugu, jakin badakigulako oraindik gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak dituen gizarte batean gaudela», gaineratu du. «Zenbat eta babes sozial handiagoa egon, orduan eta leku gutxiago izango du indarkeria matxistak», aipatu du Elgarrestak.

Donostiako lehen alkateordeak, era berean, «gaitzespena» adierazi du hirian gertatutako azken sexu-indarkeriazko gertakariengatik, eta deitoratu du, emakumeek «aske bizitzeko eskubidea» duten arren, dirudienez hori «oraindik ez dela posible».