INFO

Kamala Harrisek Donald Trump bere onetik ateraraztea lortu du debate historiko batean

Ikusmin izugarria zegoen debateari buruz, eta iritzi orokortua da Kamala Harris izan dela garaile. Bere argudioak kokatzeko gai izan da, proposamen ekonomikoen zertzeladaren bat eta, batez ere, Trump amorraraztea lortu du, etengabe jarri dizkion amuei kosk egin baitie errepublikanoak.

Donald Trump eta Kamala Harris, debatean. (ABC-ZUMA PRESS WIRE-DPA-EUROPA PRESS)

Kamala Harrisek ondo prestatuta eraman ditu Donald Trump sutu eta bere onetik ateraraziko zuten esaldiak. Saioaren hasierako detaileetan ere indartsu agertu zen. Hautagai bakoitza bere podiumera kokatu behar zen, eta hala egin zuen Donald Trumpek, baina Kamala Harris bere txokotik aurrerantza joan zen presidente ohiarenganaino bostekoa emateko. Eskua luzatu, eta era berean bere gunetik irten eta aurkariaren esparruraino iristeko gaitasuna erakutsiz hasi da saioa.

Ekonomiarekin hasi da eztabaida, Harrisek klase ertainarentzat proposamenak azaldu ditu, eta Trumpek etorkinei leporatu die «beltzen eta latinoen» lanpostuak kentzea, eta Kamala Harrisi «marxista» deitu dio; demokratak barre egin dio. Aurretik ere esana zuen gezur asko entzungo zituztela saioan zehar.

Abortua izan da bigarren gaia, eta hortxe Kamala Harrisek bere indar guztia erakutsi du Donald Trumpen presidentziak emakumeei ekarri dien hondamendia begi-bistan uzteko. Bortxatutako nerabeetatik haurdun geratu nahi baina bideragarriak ez diren haurdunaldiak izanda eteterik izan ez duten milaka emakumeren kasua aipatu du. Trumpek estatu batzuetan bederatzigarren hilabetean ere abortatu daitekeela esan du, eta programan lehen aldiz, moderatzaileek gezurra nabarmen utzi du: «Estatu batean ere ez da legezkoa jaiotako haurra hiltzea» esan du Linsey Davis aurkezleak.

Amuari kosk

Hirugarren gaiak kontrakoa erakutsi behar zuen, Trump erasoan eta Harris defentsan. Errepublikanoek oldarkorren jotzen duten eta demokratak ere jarrera eskuindarretara eramaten dituen gaia iritsi da: immigrazioa. Baina Harris aurkaria ondo estudiatuta iritsi da. Ohiko argudioarekin hasi da, Kongresuan bi alderdiek zeukaten akordioa oztopatu zuela Trumpek, mugako kaosa onuragarri zitzaiolako. Ezer berririk ez argudio horretan. Segidan, baina, Harrisek istorioari bira egin dio; errepublikanoarentzako amua zela begi-bistan zegoen: «Estatubatuarrek Trumpen mitin batera joan beharko lukete, argigarria baita. Jendea mitinetatik joaten hasten nekatuta eta aspertuta».

Politikari baldarrenak ere erraz gaindituko lukeen erasoa, egia ez dela esan eta bere argumentuei heltzeko. Trumpek baina, alfa arra defendatu behar du beti, eta azkenean barregarri geratzeko arriskua dauka. Demokratentzat gai deserosoa behar zuen horretan, hautagai errepublikanoak bere mitinak defendatu ditu («zuk jendeari ordaindu behar diozu joateko» bota dio), eta hala, bere argudiotik urrundu da. Gero bai, heldu dio paperik gabeko «milioika kriminal» herrialdean dabiltzan leloari, baina ordurako hain zegoen bere espiral diskurtsiboan kateatuta ze debateko unerik lotsagarrienetakora iritsi da: kalean zehar dabiltzan migratzaileek Ohioko herritarren maskotak ere jaten dituztela esatera. Aurkezleek argitu du hango Poliziarekin hitz egin zuela telebista kateak, eta ez zegoela horrelako salaketen berririk.

Hurrengo gaietan Trump berriz katramilatu da argudioetan, eta Harrisek aurkariaren hitzak baliatu ditu erasorako: 2020ko hauteskundeetako emaitzak onartzeraino uko egin dio, eta Harrisek gobernatuta «Israel desagertuko» zela esan du Trumpek, demokratak behin eta berriz errepikatu duen arren Israel armatzen jarraituko duela (Gazarako su-etena ere eskatu du debatean Harrisek, eta bi estatuen aldeko jarrera azpimarratu du). Ez du erantzun nahi izan Errusiak ala Ukrainak nahi duen gerra irabaztea («Putinek gosaritarako jango zintuzke», esan dio Harrisek errepublikanoari). Demokratak Trumpen gizonkeriari zuzenean jotzen zion beste esaldi bat ekarri du prest: segurtasun nazionalean eta nazioarteko politikan «ahula» zela esan dio.

Harris gailentzen

Eztabaida bi planotan egon da zati handi batean, hizketan ari zenarekin batera entzuten ari zena ere erakutsiz. Kamala Harrisek jartzen zituen aurpegiak, burlaizez irribarretsu tarteka eta sinesgogor beti, pantailako bere irudia ere indartzen zuten, geroz eta amorratuago ziharduen Trumpen ondoan.

Arrazismoaren gaian ere irabaztekorik ez zeukala ikusita, Kamala Harris Bidenekin lotzen saiatu da Trump. Hor ere, atzera begiratzearen ordez aurrerantz egin beharra azpimarratzeko erabili du demokratak («ez naiz Biden. Eta bistan da, ez naiz Trump ere. Eskaintzen dudana gure herrialderen lidertzarako belaunaldi berri bat da»). Eta Trumpek burua jaitsi du.

Baina azken une umiliagarria falta zen. Osasungintza iritsi da. Harrisek harro defendatu du Bidenekin batera egindakoa, osasungintza-planean sakonduz aseguru-etxeei eta farmaziaren industriari mugak jartzea, botiken prezioak nabarmen murriztea, eta bide horretan jarraitzeko asmoa agertu du. Trumpek «Obamacare» gaitzetsi du ia hamar urtez, eta zein plan zuen galdetu diote: «Prestatzen ari gara» erantzun du, baina aurkezleak ez du utzi, eta ea oraindik ez duela planik esan dio. «Zertzelada batzuk ditut, orain ez naiz presidente» erantzun du Trumpek, Harris barrez lehertzen zitzaiola.  

Errepublikanoak, haserre

Duela bi hilabete eta erdi Bidenen eta Trumpen artean egindako debatearen alderatuta, Harris eta Trumpen artekoak bi desberdintasun nagusi izan ditu: hautagai demokrataren jarduna, bistan da, baina baita moderatzaileena ere. CNNko kazetariak gaiak aurkeztu eta batari eta besteari hitza ematera mugatu ziren bitartean, ABCkoek aurrekoei kritikatu zitzaiena aldatu zuten: fact-check, milioika lagunen aurrean egindako adierazpenak eta salaketak egia ote ziren zehaztea, alegia. Sare sozial eskuindarrak sutan daude, Trump Harris baino askoz gehiago estutu zutelako. Azken batean, gezur gehien esaten dituenak arrisku handiagoa dauka nabarmen geratzeko.

Era sinpleagoan egin daiteke irakurketa: hautagai bat, haren jarraitzaileak eta alderdikideak pozarren badaude, eta aurkaria haserre eta kexaka, zalantza gutxi dago nori egin dion mesede saioak eta nori kalte. Harrisen kanpainak berehala iragarri zuen urrian beste debate bat egiteko prest daudela. Donald Trumpek «pentsatuko» duela esan du. Gaua are gehiago aldrebesteko, eztabaida amaitu eta berehala, erabateko masa-fenomenoa den eta milioika jarraitzaile dituen Taylor Swift musikariak Kamala Harris bozkatuko duela iragarri zuen.