Bizkaiko ikuztegietako langileen «miseriazko» soldata eta lan baldintzak salatu dituzte
Turismoa eta enpresen irabaziak gora doazen bitartean, Bizkaiko ikuztegietako langileen soldata eta lan baldintzak behera egiten ari direla salatu dute LAB, ELA, CCOO, USO eta UGT sindikatuek Bilboko bi hotelen aurrean egindako mobilizazioetan.
Bizkaiko ikuztegietako langileak jasaten ari diren egoera salatu dute LAB, ELA, CCOO, USO eta UGT sindikatuek Bilboko bi hotelen aurrean egindako mobilizazioetan. 2007tik daramate hitzarmenik gabe eta denbora horretan erosteko ahalmenaren galera «izugarria» izan dela nabarmendu dute. CECOBI-ATILAVI patronalari negoziazioak blokeatzea leporatu diote patronalari, sektoreak arazo ekonomikoak dituztela aitzakiatzat hartuta, nahiz eta turismoak gora egin duen azken urteetan.
Sindikatuek plazaratutako datuen arabera, joan den urtean, turisten etorrerek %82 egin zuten gora Bizkaian eta igarotako gau kopurua handiagoa izan zen. Gainera, nabarmendu dute turismoa dagoeneko ez dela soilik udara mugatzen.
«Horrek eragin zuzena du ikuztegien eta tindategien lan bolumenean, hotelen sektoreak zerbitzu horiek azpikontratatzen baititu. Beraz, turismoak mesede egiten die garbitegi handiei, baina aberastasun hori ez da plantilletara iristen», salatu dute sindikatuek.
Izan ere, Bizkaiko ikuztegietako eta tindategietako langileek 2007tik ez dute sektoreko hitzarmenik. Hainbat negoziazio saio egin dituzte, baina momentuz ez dute emaitzarik eman. Sindikatuek salatzen dutenez, patronalak negoziazioak blokeatuak mantentzen ditu, «sektoreak bizi dituen zailtasun ekonomikoetan oinarrituz».
Denbora horretan, erosteko ahalmenaren galera «izugarria» izan dela salatu dute: «LGSaren %30 baino gehiago kobratzetik azpitik egotera igaro da, bizitza asko garestitu den garaietan, hain zuzen ere. Lanaldia ez da murriztu, ez da hobekuntzarik izan lizentzietan, ezta kontziliazioan ere, ez da jarduerarako plus egokirik sortu...»,
«CECOBI-ATILAVI patronala premisa argi batekin etortzen da mahaira: soldatak desizoztea beste eskubide batzuei uko egitearen menpe egotea nahi dute. Besteak beste, honako helburu hauek dituzte: antzinatasuna mugatzea, bajak ez osatzea, soldata igoera negargarriak, tindategietako asteburuko librantzak kentzea, etab.», gaineratu dute sindikatuek.
Egoera aldatzen ez bada, mobilizazio gehiago aurreikusi dituzte.