Batzar berria osatzeko hautagaitzak aurkeztearen garrantzia nabarmendu du Sadar Bizirik-ek
Batzar Nagusia osatzeko hautagaitzak aurkezteko epea ireki du Osasunak, eta bertan parte hartzeko deia egin du Sadar Bizirik plataformak, azken lau urte hauetan indarrean egon denak «ez duelako ordezkatu masa osasunistaren aniztasun soziala».
Batzar Nagusia (edo Batzar Konpromisarioa) deiturikoa osatzeari ekin dio Osasunak. Joan den astetik azaroaren 22ra arte bertan ordezkatuta egoteko hautagaitzak aurkezteko epea zabaldua da. Eta aukera hori baliatzeko deia luzatu du ostegun honetan Sadar Bizirik plataformak. Izan ere, «Osasunaren bilakaera markatzen duten erabakiak» bertan hartzen dira eta azken lau urteotan erabakitakoak ez dute zalegoa behar bezala ordezkatu, bere ustetan.
Agerraldian nabarmendu dutenez, «Batzar Konpromisarioa da Osasunaren organo gorena, Zuzendaritza Batzordearen gainetik. Batzar horrek kontrol ekonomikoa egiten du, bazkideen interesak defendatzen ditu, estatutuak alda ditzake, duela 9 urte Javier Tebas ‘persona non grata’ izendatu zuen, 2015ean Sabadellen salbazio agonikoaren ondoren Osasuna desagertzea saihesteko beharrezko mugimenduak onartu zituen, estadioa berritzea, Taxoaren berrerosteka partziala, CVCrekin 50 urtera zorpetzea edo, datu bitxi gisa, Enrique Martin jokalari zenean Real Madrilera ez transferitzea onartu zuen».
Bereziki gazteei zuzendu zaie plataforma, hauteskunde prozesu honetan parte har dezaten, «orainaldian eta etorkizunean ere ekarpena eginez». «Osasunaren sustraitze herrikoia eta nortasuna indartuko duen» batzarra nahiko luke, «euskaraz ere hitz egingo duena, berdintasuna bultzatuko duena, eta estamentu egonkorra izango dena, futbol modernoaren, Ligaren eta UEFAren egungo balioetatik urrun».
«Bazkideak, protagonista nagusi»
Abenduaren 27an aukeratuko dira bazkide konpromisario berriak. «Sadar Bizirik-ek eskatutako agertoki bat da, eta horregatik uste dugu orain aukera bat irekia dela Osasuna kluba izaten jarraitzeko, non bere bazkideak protagonista nagusiak izango diren norabidea eta ibilbide berria markatzeko orduan».
Zozketan parte hartzeko eta hautatua izateko, aldez aurretik hautagaitza aurkeztu behar da, eta horretarakoa da gaur luzatu duten gonbita. Sadar Bizirik-ek zehaztu duenez, posta elektroniko bidez, bulegoan bertan edo Osasunaren web orrian den Bazkidearen Arloaren bitartez gauza daiteke izen-ematea.