Delirium Tremens taldeak bigarren agurra iragarri du azken bira eta disko batekin
Delirium Tremens taldeak bigarren zikloari amaiera jarriko dio 2025ean, ostegun honetan taldekideek iragarri dutenez. Hala ere, eszenatokiren gainean amaituko dute zikloa agur-bira batekin, ‘... Ta Nora?’ azken diskoa izango dena aurkeztuz.
2021an itzuli ondoren, Delirium Tremens taldeak berriz ere bere agurra iragarri du ostegun honetan. Hori bai, 2025ean izango da eta, horrekin batera, euren agur-bira eta ‘... Ta Nora?’ diskoaren berri ere eman dute, Aiora Renteriarekin egin duten ‘Kafe usain hura’ kantaren bideoklipa estreinatzeaz batera.
Bilboko Bira Kulturgunean egindako prentsaurreko batean, Andoni Basterretxea, Juan Yurrita, Haritz Harreguy eta Mikel Kazalis Delirium Tremensen taldekideek jakinarazi dituzte etapa berri honi amaiera jartzeko arrazoiak. «Disko berriaren sorkuntza prozesuan hasi ginen buruari bueltak ematen eta bitarte horretan erabaki genuen taldea alde batera uztera. Uste dugu ziklo bat bete dugula eta disko hau izango da azken aukera ondo pasatzeko», azaldu du Basterretxeak.
Zentzu honetan, atzera begira, taldekideek ohartarazi dute lehenengo etapa sei urtekoa izan zela, beraz, oraingoa (lau urte bukatuko dutenean) baino bi urte gehiago bakarrik. Bigarren ibilbide honetan, taldeak hainbat aldaketa sufritu ditu. ‘Hordago’ diskoa grabatzen ari zirenean Hartiz Harreguyren estudioan, Basterretxeak, Yurritak eta Patxi Irisarrik osatutako hirukotea ondo moldatu zen soinu teknikariarekin eta taldera batzeko proposatu zieten, bigarren gitarra jotzen. Bestalde, taldea martxan zegoela Irisarri baxujoleak taldea uztea erabaki zuen kontziliazio arrazoiengatik. Bere lekuan Mikel Kazalis sartu zen, 2022ko abenduan.
Album berri honek ‘... Ta Nora?’ izena dauka eta zortzi kantak osatzen dute: sei berri eta 1987an argitaratutako ‘Hemen denak berdinak dira’ lehenengo diskoko bi kanturen bertsioak. Kanta berrien artean dago ‘Kafe usain hura’, Aiora Renteriaren kolaborazioa daukana. Hain zuzen, kanta honentzat bideoklipa prestatu dute, adimen artifizialaren bidez egina. Gainera, ‘Inork’ kantak Joseba Sarrionaindiaren olerki baten letra dauka.
Kanta zaharrei dagokienez, Basterretxeak azaldu du zergatik aukeratu dituzten berriz grabatzeko: «Alde batetik, ‘Hemen denak berdinak dira’ diskoaren soinuarekin ez ginen geratu batere gustura. Eta, bestetik, zuzenean jotzea gustatzen zitzaigulako. Horregatik erabaki genuen kapritxo bat ematea gure buruari eta berriz grabatzea».
Horrekin batera, 2025eko biraren lehenengo datak jakinarazi dituzte: urtarrilaren 4an, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean; 5ean, Bilboko Kafe Antzokian; 11n, Oñatiko Gaztelekuan; 18an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; otsailaren 22an Donostiako Dabadaban; eta martxoaren 29, Atarrabiako Totem aretoan. Iragarri dutenez, urtean zehar kontzertu gehiago ere egongo dira eta azaroaren bueltan azken aldiz joko du Delirium Tremens taldeak. «Non eta noiz, jakingo duzue», gehitu du Basterretxeak misterioz.
Azken hiru urte hauetan Euskal Herri osotik biran ibili diren arren, Basterretxeak ziurtatu du taldeak jarraitzen duela «jotzeko gogoa» izaten. Zentzu honetan, Yurritak azaldu du taldearen ideia zela «denbora luze bat geratzeko bueltatzea». «Gozatzen amaitu nahi genuen ziklo hau», ziurtatu du bateria-joleak, taldea sortu eta 35 urte bete direnean.