INFO

Patri Urkizu hil da: bizitza bat euskal literatura sortu, ikertu eta ezagutarazten

Gaur hil da Patri Urkizu idazle, ikertzaile eta irakaslea, gaixotasun baten ondorioz. Bizitza osoa euskal literaturari, kulturari eta sorterriari eskaini dio. Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendari, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari eta euskaltzain urgazlea izan zen.

Patri Urkizu, aurtengo ekainean, Bilboko Liburu Azokan eman zioten Urrezko Lumarekin. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Patri Urkizu Sarasua idazle, irakasle eta ikertzaile lezoarra hil da, 78 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz, euskal literaturari, kulturari eta bere sorterriari bere lana eskaini ondoren. Gaztetatik poesia eta narratiba landu zituen, baina saiogile eta ikertzaile gisa izan zen emankorren; hainbat egile ezezagun edo ia ezezagunen testu asko argitaratu zituen, uste osoa baitzuen eskuizkribu horiek argitaratu ezean, nekez ezagutuko zela euskal literatura.

Besteak beste, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendari eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izan zen, baita euskaltzain urgazlea ere. Ahotsak.eus proiektuan haren hitzak jasota daude, Lezoko euskararen erakusgarri. Hala ere, herriko hizkeraz gainera, euskara batua ere sustatu zuen; gainera, ondo ezagutu zuen haren sortze prozesua, NAIZi azaldu zion bezala, urte haietan Salamancan ari baitzen Filologia Erromanikoa ikasten Koldo Mitxelena irakasle zuela. Errrenteriako hizkuntzalariak idaztera animatu zuen.

Ibilbidea

Urkizu 1946an sortu zen Lezon (Gipuzkoa), aita erbestetik itzulitakoan. Herrian eta Donostian lehenengo ikasketak egin ondoren, Zornotzan (Bizkaia) eta Alesbesen (Nafarroa) egon zen fraidegai karmeldarrekin. Nerabe zela, Erriberako fraide haiek bota egin zuten, irakurgai eta idatzi «susmagarriak» aurkitu baitzizkioten: gustuko zuen zientzia gaiez idaztea. Batxilergoa amaitu ondoren, Filosofia eta Letrak ikasi zituen Patxi Altunarekin, eta Madrilera joan zen Ingeniaritza ikastera. Han euskara eskolak eman zituen. Urtebete geroago, Salamancara egin zuen, eta ondoren Errenteria eta Donostiako institutuetan irakasle jardun zuen.

1979tik 1983ra bitartean bere herriko alkate izan zen, eta euskararen erabilera eta itzulpen zerbitzua normalizatu zituen udaletxean. «Patrik egindako lana guretzako ispilu da», esan zuen Lezoko alkate Mikel Arrutik 2023ko abenduan, Urkizuren azken liburuaren aurkezpenean. Haren ustez, alkate lanetan garbi zuen «herritarren alkate baino gehiago, haien ordezkaria zela»; halaber, Urkizuren «gertutasuna eta apaltasuna» nabarmendu zituen.

Gasteizen Euskal Filologiako doktoretza egin zuen; 1986an, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean, ‘Pierre D'Urteren hiztegia. Londres 1715’ tesia aurkeztu zuen. EUTGn eta Bordeleko unibertsitatean euskal hizkuntza eta literaturako irakasle jardun zuen hurrengo urteetan, eta UNEDen jarraitu zuen, Madrilen.

Lan askotariko eta oparoa 

1970ean argitaratu zuen bere lehenengo saiakera, ‘Literatura eta kritika’ (Lur), eta hurrengo hamarraldietan beste hainbat, batez ere antzerkiaz eta bertsogintzaz, baita artikulu ugari ere hainbat aldizkari eta egunkaritan. Poesia liburu bi ere plazaratu zituen: ‘Dorrejilko kanta’ (Kriselu, 1977) eta ‘Zeren azken finean’ (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1984). Narratibari dagokionez, ‘Nola Kursaal berria suntsitu zen’ (Elkar, 1983) ipuin liburua, ‘Sekulorum sekulotan’ (Kriselu, 1975), ‘Zoazte hemendik!’ (Susa, 1995) eta ‘Suaren froga’ (Erein, 2021) nobelak, besteak beste, aipatutakoak Urkizuren obra zabalaren lagin txiki bat baino ez dira eta. 

‘Eskribu galduen bila. Autobiografia eta kultur kritikak’ (Lezoko Udala, 2023) bere azken liburuan, idazle lezoarraren bizitza eta lanak ez ezik, Lezo ere oso presente dago; herri horren historiaren, bertako jendearen eta istorio ugariren berri ematen du lehen atalean. Kontatutakoak bere familia eta adiskideentzat idatzi zituela dio liburuaren sarreran, baita «nire garaia bizi izan duen edonorentzat» ere, «beste lekuko bat gehiagoren moduan zerbait beren oroimenen ganbara eta ibilbide propioa argitu diezaielakoan, agian», asmo apal eta baliotsu batekin: «Trapu zikinak nork bere etxe barruan, etxeko harraskan garbitu behar dituela esaldia oso zabaldua den arren, esperantza dut inor gehiegi mindu gabe, baina zenbait mito bere neurri apalera eramanez eta desmitifikatuz, eta gertakizunak neronek bizitu izan ditudan eran, argi eta garbi, aratz eta garratz behar bada adierazterakoan argi pittin bat urte gogor, zail eta odoltsu gertatu direnez emango dutela, eta historiaren letra handietarik kanpo, azpi ohar edota ertz ohar gisara kontsideratu daitezkeen hauek balioko dutela osatzen joateko, ororena behar duen historia, eta ez soilik garaileena».

Bere lan eskergaren emaitza patriurkizu.lezo.eus webgunean dago ikusgai. Bizitza oso bat Lezoko eta Euskal Herriko hizkuntza, kultura eta jendeari emana.