Josu Jimenez Maia
Idazlea

Dietistentzako literatura

Nafarroan hitzetik hortzera dabilen txiste bat: UPNko, eta PSNko politikariei dietista deitzen zaie; ez dieta egiten dutelako, dieta ederrak kobratzen dituztelako baizik. Dietista hauen helburua lotsagabeki gizentzea da, paradoxikoki lanbidez dietista direnek saihestea helburu dutena.

F. Scott Fitzgerald idazle iparamerikarraren Gatsbi Handia izeneko eleberria irakurtzen ari naiz, Xabier Olarrak aspaldi euskaratua, eta irakurtzen ari naizelarik etengabe datozkit burura politikari ustelen irudiak eta irribarre zuriak. Gatsbi Handia amets amerikarrari buruzko nobela bat da, eta eleberri honen paragrafo batzuek ederki islatzen dute Yolanda Barcinaren gainbehera eta jokaera penagarria:
“Zerbait patetikoa bazen, bere buruarekiko harrotasuna, aspaldiko urtetakoa baino beharrezkoagoa, aski ez balu bezala.” Izan ere, eleberri onek ez dute gaurkotasunik galtzen, eta honek gaurkotasun handia dauka. Roaring twenties-en edo urte zoroen zurrunbiloan kokatua dugu eleberri hori, “xurrumurruak, txanpaina eta izarrak lagun”, UPN eta PSNren arteko ezkontzaren urte zoriontsuetan “Qué-hay-de-lo-mío, gin-tonic eta Robertico Jiménez lagun”: dirua barra-barra, lagunkeria nagusi eta zilegi ez dena legezko bihurtu.   
Barcina ez da UPNren zerrendaburu izango, hainbeste urtez lapurtu eta gero, oparotasuna ahiturik, sistemak krak egin eta amets nabarreroak erreka jo duelarik;  20 urtez boterean egon direnak zin-zinez galtzearen beldur dira eta Yolanda sakrifikatu egin dute. Barcinaren denbora agortuta, eta beste hautagai bilatuko dute, Barcinaren zur bereko ezpala izanen dena; ez dezagun ahantzi duela gutxi dietista horiek beraiek ibili direla justifikatzen 750 euro kobratzea entzule gisa hitzaldi bakar batera joateagatik, hori normala balitz bezala langabe kopurua izugarria delarik, bankuek familiak etxeetatik botatzen dituztelarik, elikagai bankuak husten ari direlarik, hezkuntza sistema eta osasun sistema publikoa barnetik birrintzen ari direlarik murrizketarik murrizketa. Eta “legezkoa” dela esanda saiatzen dira zuritzen jokabide makur oro, haiek beraiek zer den legezkoa eta zer ez ebazten dutelarik.
Dietista hauek, antzinako satrapak bezala, lotsagabe hutsak dira; antzinako Persian, gobernadoreburuek, satrapek, euren abusuak, bizioak eta gehiegikeriak lege bihurtzen zituzten; horrela agertzen da jasota Historia liburuetan. Satrapa hitzak bere bidea egin du, eta egun adiera gutxiesgarrian erabiltzen da, botere handia duten eta larderiaz gobernatzen duten politikariak izendatzeko. Dietista hitzak ere, politikari ustel horiei esker, bere bidea egin duen ber gisan.

Bilatu