Josu Naberan
Idazlea

Euskara eta generoa

Nola izan daiteke gizon/gizarte… hitzek genero-markarik ez izatea? Esan bezala, euskerak ez du jartzen erreferentziatzat generoa, baizik leinua, ahaidetasuna, senidetasuna

Gure inguruko hizkuntzak etorri zirenean (-3.300~), euskera hemen zegoen aspaldi. Hori horrela, argi eta garbi aldera daitezke euskal hizkeraren eta hizkuntza arioen atzean dauden pentsaerak. Mundu-ikuskera txit desberdinak, zinez. Honakoan, generoari buruzko pentserari ekingo diogu.

Euskerak oso ondo bereizten ditu sexuak, baita ere zehazki deskribatu, arraren eta emearen sexu organoak, geroxeago ikusiko dugunez.

Baina gainerako hitzetan (aita, ama, gizona…) ez du hartzen erreferentziatzat sexua, baizik leinua. Hortxe datza euskeraren eta gure inguruko hizkuntza arioen arteko desberdintasuna: azken hauek bai hartzen dutelako sexua erreferentziatzat (padre, madre, hombre, hijo… esatean).

Sinesgaitza ezta? Gizon, gizaki, gizarte eta abarrek genero-markarik ez izatea? Bada, euskal hitzak horixe ematen dute. Aitzitik, Patriarkatua Euskal Herrira iritsi zenean, orduan bai irauli zela euskaldunon pentsaera jatorrizkoa, hala pentsaera arioaren eraginez, nola batez ere Kristianismoaren eraginez. Izan ere Kristianismoan (honelaxe izendatzen dut, nahiz eta zuzentzaileak gorriz markatu) Aita, Semea eta Espiritu Santua dira protagonista bakarrak. Miriam, Jesusen amak, ez zeukan garrantzirik orduan.

Espiritu Santuari dagokionean, Ekialdeko tradizioan beharbada emea izango zen (uso itxuran), baina Valpuestako elizan bizar eta guzti ikusi dut alboko aldare batean, Aita eta Semearekin batera, azken bi hauek ere bizar kizkurdunak.

Vaticanok espresuki debekatua zuen arren Espiritu Santua irudikatzea, Valpuestako komunak paso egin zion agindu horri; horregatik hantxe ikus daiteke Espiritu Santu bizartsua (uste dut kasu bakarra dela munduan). Ikusi nahi duenak Valpuestan dauka ikusgarri.

Patriarkatuaren sorrerari dagokionez, Sumerian gertatu zen lehenbizi, gure ezagutza eremuan bederen (-7.000 inguruan), zigurat dorrean izarrak bahatzen zituen apaiz emakumea apaiz gizonezkoek jaitsi arazi zutenean dorretik. Gero bi mila urtetako erresistentzia egon zen, harik eta gizonen kastak emakumea menperatu zuen arte. Baina, dena dela, gertakari historiko bat da; ezin da pentsatu gaur bizi duguna betikoa izan dela. Beraz, itxaropenaren iturria ez dago butxatuta.

Euskal Herrira berandutxo heldu zen Patriarkatua, Teodosio Goñikoak Aralarreko San Migel eliza eraiki zuenean (-1.200~), eta jarraian EHko beste San Migel guztiak, zein ala zein Herensugearen burua zapaltzen, Herensugea baitzen Anderearen irudia. «Betiko etsaigoa jarriko dut zure eta emakumearen artean», dio Genesiak, patriarkatuaren aroa islatzen duen Bibliako Genesiak (-5.000)

Hemen, Mari Anderearen mitoa erdibidean geratu da: ez Mariren senarra den Sugarrek, ezta haren seme diren Atarrabi eta Mikelatsek lortu zuten Ekaitzaren jabe izatea. Mari bera geratu da titulu horrekin.        

Baina itzul gaitezen harira. Nola izan daiteke gizon/gizarte… hitzek genero-markarik ez izatea? Esan bezala, euskerak ez du jartzen erreferentziatzat generoa, baizik leinua, ahaidetasuna, senidetasuna.

Orduan aba/ama hitzak «leinua» adierazten du besterik gabe; aita hitzak, berriz, «leinua bermatzen duena (ait-da)» esan nahi du, bereberren ait, Kaukasokoen ayte, guantxeen atxa hitzen ildotik. Ez daukate genero-markarik!

Era bertsuan, atso, agure «atsagureak» jatorriari eta ahaidetasunari egiten diote erreferentzia. Atso hitzak, adibidez, «leinuko garrantzitsua» (ait-so) esan gura du; eta agure hitzak, berriz, «gur egitea merezi duena». Berriro ere genero markarik gabe. Eta beste gauza bat, gainera: aita-amasoak  zein neurritan ziren errespetagarriak tribu haien barnean. Ez ziren egongo, ez, Adinekoen Etxeetan baztertuta eta zenbaitetan esperimentu-haragi gisa, egun bezala.

Goian esan bezala, jende euskaldun hark naturaltasun osoz definitu zituen arraren eta emearen sexu-organoak; ez, zorionez, Kristianismoaren ajeak kutsaturiko obsesiopean. Obsesioz blai Espainiako Erret Akademiaren Entziklopedia ere, kasu, zeinek coño hitza esaterik ez daukan. Gure arbasoek ez zuten konplexu lotsati hipokritarik koroino eta alu izendatzeko giza emearen sexu-organoak: koroino, montortxoa; alu, ahal-gunea; eta zakila, aldiz, giza arraren sexuari: zakila, barrenetik zut jartzen dena esangurarekin; eta barrabilak «bola bikoitza» (boa-arra-bil). Azkenez, freskotasun bertsuarekin esan zuten giri (haragi-egin) eta joder (jo erdian), Erret Academia lekuz kanpo harrapatzen duelarik oraingoan ere: ez du atzematen joder nondik datorren eta zer den. Txingar ere hor dago: agian giri-in-ar: arrak haragi egitea.

Jendarte hura ez zen gaur egungoa bezalako obsesiboa eta gaixoa sexu gauzetan, bistan dago. Zeinek lukeen gaurko garai honetan halako sexu-heziketa naturala!

Orain, Santxo –erran zuen On Kixotek- Elizarekin egin dugu topo.

Halaxe da. Orain erabaki korapilatsu baten aurrean aurkitzen garela uste dut: zer egin behar dugu euskaldunok: inbaditzaile etorri berrien pentsaerara makurtu, honetan ere? Ala geure bidetik jarrai? Ez pentsa dilema hau hain erraza denik. Uste baino erabaki zailagoa da, hain baitugu barneratuta Patriarkatua gaur egungo gizonezko nahiz emakumezkoek!

Normala izango da planteatzea gure garaietara egokitu beharra daukagula, gizon, gizarte etab., kateximan eta eskolan erakutsi diguten moduan hartu behar ditugula. Hots, egoera, errealitatea, errealismoa… azken batean politika dago tartean eta bitartean. Zeri eman bide, jatortasunari ala politikari?

Dena dela, ez dadila izan behintzat aurreiritziengatik edo ezagutza ezagatik.

Bilatu