Iratxe Delgado
Ernai gazte antolakundeko kidea

Gazteok beste mundu bat sortzen

G7aren aurka indarrak batu behar ditugu. Eta gazteok, indar horren parte izan behar dugu, gure oraina borrokan dagoelako etorkizun duin bat irabazi nahi badugu

XX. mendeko esperientzia iraultzaile edo eraldatzaileen ostekoak gara gu, alternatibarik ez dagoen ideia bere egin omen duen gizarte batekoak, kapitalismoaren hegemonia globalaren garaikoak. G7aren mundua da hori, G7a eraikuntza horren sinbolo bat da. Baina gainera, sistema horren krisi anizkoitz eta iraunkor baten erdian gure bizi-proiektua eraiki behar dugun belaunaldia gara, bizi-baldintzen prekarizazio orokor eta egiturazko baten erdian; “No Future” tatuatu digute, bizirautea ez bada.

Datorren abuztuaren 24an, 25ean eta 26an gurean izango dugu G7a, Biarritzen. Bertan bilduko dira gure bizitzak kapitalera azpiratzen dituen gobernantza sistemaren gidaritza daramaten estatuburuak, langile eta herri sektoreen desjabetzeari dimentsio sakonago bat emateko. Erabaki hauek ez dira egitura makroekonomikoei dagozkion erabakiak, gure bizitzaren bazter guztiak zeharkatzen dituzte: elikadura, hezkuntza, osasuna, harremanak, eskubide sozialak, enplegua eta abar luze bat. Beraz, erabaki hauek, gure bizi-proiektua garatzeko ditugun baldintzak ezartzen dituzte.

G7a norbanako zein herri bezala gure bizitzak autogobernatzeko, autogestionatzeko, burujabetzarako (eztabaidan sartu gabe) desjabetze sistematiko baten bidez lapurtu diguten gaitasunaren sinboloa da. Euskal Herritik beste mundu baten alde ekiteko aldarriz egin diogu aurre G7aren bilerari, Euskal Herrian beste mundu hori eraikitzeko alternatibak eta indar soziala badagoela aldarrikatuz. Ekimen hau gainera, hainbat eta hainbat eragileren elkarlanarekin burutu dugu.

Euskal gazteriak Irun eta Hendaiako kontragailurrean eta mobilizaziotan egon behar dugu, eta hainbat dira arrazoiak:

–G7aren aurka egotea ez delako nahikoa, ekitea dagokigulako. Bertan egotea ekiteko modu bat da, G7aren aurka herri bat dagoela adieraztekoa alde batetik. Baina baita ere ekite horren ezaugarritzean urratsak emateko, bestelako sistema politiko, ekonomiko eta sozial justuago bat eraikitzeko ditugun aliantza eta tresnen erakusgarri izango delako. Gazte mugimenduetatik garatzen diren borroka eta proiektu komunitario ezberdinak, sisteman arrakalak eraikitzeko tresna eta bidea dira.

–G7aren bisitak sortutako abagunea aukera bat izan daitekeelako sinergiak eraiki eta alternatibak elkartrukatzetik errotiko alternatiba bat egikaritzeko estrategiak eraikitzen hasteko, indarrak batzeko. Gazteok, indar horren parte izan behar dugu, gure oraina borrokan dagoelako etorkizun duin bat irabazi nahi badugu.

–Errotiko alternatiba horren eraikuntzari loturik doalako prekarietateari aurre egin eta bizitza erdigunean jartzen duen bizi-proiektuak garatzeko aukera. Euskal Herrian ondo dakigu hori eta horregatik antolatzen gara milaka gazte egunero eguneroko borroka kolektiboan.

Beste mundu bat eraikitzeko batuko gara beraz datorren astean, eta denon indarra da beharrezkoa. Inork ez duelako gugatik egingo; guk, beste herri sektoreekin batera, egin behar dugulako. Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko denok batera, eman dezagun urratsa: euskal gazteria lehen lerrora!

Bilatu