Josu Jimenez Maia
Idazlea

Nafarroako Hezkuntza Departamentua –arratoi beltzak, arratoi zuriak–

Oroitzen Javier Markotegi eta Santiago Arellanoren garaiez? UPNkoak bai, baina gutxienez buruargiak; atzerakoiak baina hezkuntza kontuetan jantziak.

Oroitzen Jesús Laguna zenaz? Berarekin hasi ziren txapuzak egiten ingelesarekin; zalditik astora. Oroitzen Luis Campoy kontseilari tuterarraz? Euskarafobian, koska bat estuago; astotik lurrera. Urte luze hauetan Hezkuntza Departamentuaren orri menbretedunak izan duen garapenak argi adierazten du zein izan den Hezkuntzan egon direnek izan duten jarrera euskararekiko, Lingua Navarrorum delakoaren arrasto oro desagerrarazi nahian. Oroitzen Pérez Nievas beste tuterarraz? Horri dimisioa eman zioten CDN itzaltzeko jokaldi politikoaren ondorioz. Alberto Catalán Gobernuko eledunari hezkuntza ere bere gain hartzeko agindu zion Yolanda Barcinak. Eta Catalan korellarra, esanekoa izanik, hor egon zen tarte batez. Azkenik, baina ez besteak baina gutxiago, José Iribasi eman zion kargua —eta karga— Iruñeko udalean horren fidel izan zitzaion abokatu tafallarrari.

Hezkuntza kontseilari bakoitza etorri eta joan egin zen, baina denek ala denek  utzi nahi izan dute euren inpronta, bakoitzak utzi nahi izan du bere arrastoa etorkizunean gogora dezaten. Alberto Catalán, adibidez, Hezkuntza Departamentuko langileek gogoratzen dute murrizketa garaian sekulako dirutza gastatu zuelako Espainiako banderak erosiz; horretarako bai zegoela dirua! Eta murrizketengatik José Iribas ere gogoratuko dugu, sare pribatu konfesionalari emandako laguntzagatik, euskarazko formakuntza izugarri murrizteagatik, iraungitze-data duen LOMCE legearekin beste txapuza “a la navarra” bat egiteagatik, eta D ereduan aritzen garen irakasleok zelatatzeagatik Guardia Zibilaren jo-puntuan jarrita.

Hezkuntza Departamentuan benetan lanean aritzen diren teknikari, administrari eta langile xumeei esker, UPNk iragarri duen kaosa eta apokalipsia ez dira gertatuko, baina Nafarroako Gobernua galduko zuela agerikoa zenetik dokumentuak txikitzeko makinak jo eta ke lanean aritu omen dira Hezkuntza Departamentuko nagusien bulegoetan, eta hara joanen direnek ez dute dena txukun, dena prest, dena gertu aurkituko; UPNkoak lur errearen politika ari dira eramaten, galtzaile txar eta mendekati baten pare.

Hondoratzen ari den itsasontzi batetik gisara, traje beltzeko eta aurpegi zurbileko arratoiak ari dira ihesbidea prestatzen UPNk gidatu duen batel matxuratu erdoildu zaharretik, disko gogorretako fitxategiak ezabatuta. Eta arratoi beltz horiekin batera, badira beste arratoi batzuk, arratoi zuriak, urte hauetan guztietan UPNkoen esaneko eta fidel izan diren arratoi zuriak, UPNren arrimura errape publikoetatik gizenduak, urte luze hauetan UPNren murrizketa eta gehiegikeria guztiak justifikatu eta gauzatu dituzten arratoi zuriak, orain euren burua zuritzen hasi direnak, “progre” eta “basketa” itxura hartzen ari direnak, eta Hezkuntza Departamentu berriarentzat Troiako zaldiak bihur daitezkeenak...

Hezkuntza Departamentuaren alfonbrak altxatzen hasten direlarik agertuko dira arratoiak, beltzak eta zuriak: arratoi zuriak ez dira beltzak bezain nazkagarriak... baina arratoiak, beti arratoi.

Bilatu