Joxe Iriarte, «Bikila»
Gipuzkoako pentsiodunen partaidea

Pedalari eragiten, Gipuzkoako biraren bitakora kaiera

Aste honetako emaitza ederrenetako alde bat izan da eragile desberdinekin izan ditugun harremanak eta elkarrekiko sinergia. Sindikatuek, feministak, gazte taldeak, eragile sozialak gure ondoan izan ditugu.

Maiatzak 24 astelehena. Oreretatik (pentsionisten mugimenduan herri aitzindaria) abiatu ginen goizeko bederatzietan ohiko lagunez inguratuta, dultzainero, zuziri eta parafernalia guztiaz horniturik. Atzean geratzen zen bi hilabeteko antolakuntza lana. Gipuzkoako biraren bidea xehetasunez marrazteaz gain, antolatu behar izan zen (herrietako taldeekin batera) ze ordutan iritsi herrietara, nondik ibili, non eta noiz bazkaldu, afaldu, lo egin, eta abar luze bat; eta, garrantzitsuena, txirrindulari talde egokia eta garraiolari ekipoa osatzea. Beraz, hori guztia ondo lotuta utzi ondoren, bideari ekin genion.

Hasiera petrala. Euripean laster hezurretaraino blai, oinak eta eskuak hotzez minduta; baina bihotza taupaka eta burua txinpartaz beterik; eguraldi txarrari oihuz eta aldarriz aurpegi ona jarriz erantzun genuen. Pasaia, Trintxerpe, Donostia-Sagues. Atsedenaldi bat ELA, STEE-EILAS eta LABeko kideekin. Hernanin izugarrizko ongietorria, berdin, Andoaingo Goiko plazan naiz eta antolatzaileek udaletxearekin xextran izan, honek ez zuelako baimenik ematen furgoneta eta kamioia plazan sartzeko) Tolosa Herria osoari bira egin ondoren, plazan bukatu genuen, pertsona ugari txaloak eskaintzen, Amaia Agirre bertsolariarekin, eta batukadaren burrunbaz.

Asteartea, 25. Ziztu bizian Legorretaraino. Beasain. Ordezkari sindikalak herri sarreran. Lazkao, Ordizia. Ongi etorria merkatu plazan, Adur Ezenarro alkatearen eskutik, eta bertan, Segurako Ipar-Hegoak taldeak sukaldatuta kristoren paella guretzako zain, oraindik gal-gal. Ormaiztegi. Zer pentsatuko zuen Zumalakarregi jeneralak gu bezalako zutabe bat ikusita? Gure aldarriak ez dira jada Jainkoa eta Foruak; pentsio duinak guk kudeatzeko ahalmenak lortzea baizik. Izagako malda. Erredios! Zutabea nahikoa luzatu da; nork bere ahalmenaren arabera eutsiz egin dugu gora; eta, azkenean, aldapa mendean hartu. Zumarraga, Urretxu. Piruloren plazan bukatu dugu. Ongietorri bikaina, festa giroan, abeslariak eta guzti. Mendigoizale aurrera doinuarekin kantatu dugu: Pentsionistak aurrera, goazen guztiok kalera, bizitzak duinak lortzera, trialarara, trialarara...Afari bikaina, bertako taldeak egina (emakumeak kasu honetan).

Asteazkena, 26. Legazpiko bidean, Suhiltzaileen harrera hunkigarria. Etxeberria Patrizio jaun eta jabe zenaren Legazpigradoren garaiko sarrera itogarria eta zantarra igaro ondoren, herri eder batekin egiten dugu topo. Eskoletako haurrek irakasleen eskutik oihu eta txaloka agurtzen gaituzte. Udanako aldapa, Izagakoa baino arinagoa; hala ere, arnasa estutzen zaizu ohiturarik ez baduzu. Jaitsiera Oñatirantz, hauspoak beterik oihuka, bizi-pozez.

Oñatiko Foruen enparantzan talde ederra zain, tartean, ELA, LAB, ESK sindikatuen banderak. Irteeran, suhiltzaileen kristoren zalaparta beren sirena edo tutuekin. Arrasate. Aita Menniko langileen protestekin bat egiten dugu udaletxe aurrean. Bazkaldu eta gero Aretxabaleta, Eskoriatza eta buelta. Antzuolan herriko plazan geldiunea. Eta azkenik Bergara. Gorka Artola alkatearen hitz adeitsuak. Performance moduan Kapitalismoaren harresiaren suntsiketa, langile, pentsiodun, feministak eta gazteak tiraka. Eta bi bertsolari, bata Maite Aristegi; baserritar sindikalista, parlamentari ohia Madrilen, eta gainera bertsolaria. Hitzaldi interesgarria Pentsioei buruzkoa Jesus Soubiesena.

Osteguna, 27. Lehenengo geldi gunea Soraluze handik Eibarreraino. Untzaga plazan, II. Errepublika aldarrikatu zen toki historikoa. Elgoibarren Jaia Maala plazan. Rokero zaharren emanaldia. Bertsolariak argi eta garbi. Bidezkoa eta ederra izan da urte hauetako jarduna/Pekatu al da galde egitea justiziaz zor zaiguna?/«bildu gaitezen pentsiodunok iritsiko da eguna etsipenaren birusik gabe arnasa hartuko duguna»/ Debako bidean, Mendaroko eskolako haurrek, «aititek datoz, aititek datoz» oihuka hartzen gaituzte. Aurrerago harrobi baten eremuan sartzen gara denak biltzeko asmoz; baina sarrerako ubidea estaltzen duen burdinazko parrilak duen hutsune batean sartuta, furgonetaren aurreko errubera lehertzen da. Lehenengo intzidentea. Errubera aldatu eta aurrera. Itziartik Mutrikura. Mutriku, herri polita bezain bihurria tropelean sartzeko; eta ateratzeko aldapatsua. Azkenik Deba. Ongi etorri jendetsua eta harrera zoragarria. Gilen Garcia alkatearen ongi-etorria, musika eta guzti.

Ostirala 28. Hasi eta Itziarko aldapa. Kontrako eztarritik sartu zait. Okerrena ez da aldapa igotzea, gure ondoan pilatzen diren kamioi eta kotxeak egiten duten traba baizik. Tropelak geldi une bat egin du karabanari pasatzen uzteko, eta nik erabaki dut aurrera egitea. Harez geroztik, gure tropelak egiten duen harresiari esker goraino nire erritmoan lasai arraio egiten dut. A ze diferentzia. Eta jaitsiera, flipantea! Ume bat bezala jaisten naiz pozik eta alai. Zumaia. Sarreran adin desberdineko ikasleak bidearen bi aldetan guri txaloka. Zirraragarria. Ongi etorrian Jon Maiak (a ze lujoa) bertso zoragarriak eskaini dizkigu. Irteeran, DBHko gazte andana guri animoak ematen. Bai lagunok, guk gure eta zuen pentsioaren alde ari gara. Laster batean Getariaraino. Zarautz, hemen ere, ongietorri bikaina musika plazan, eta Andoni Egañaren bertsoak gure belarriak gozatu. Ondo bazkaldu, eta berriro aldapa gora Orioko bidean. Aldaparekin borrokan, gure kolkoarekin marmarrean pixka bat damu: gutxixeago bazkaldu izan banu. Hil eta gero, salda bero. Oriotik, bi ume koskor eta bere ama aurrelari lanean, Usurbilera. Zumetaren muralaren aurrean, Agurtzane Solabarrieta alkatesaren hitzak gure borrokaren alde eta Unai Muñoaren bertso ederrak. Azken eguna kiroldegia ostatu. Izan ere, Tolosan izan ezik, gau guztiak frontoi edo kiroldegietan eman dugu gaua; lur gogorrean esterilarekin gorputza nola edo hala egokituz. Esnatzerakoan kontuak. Urteek ez dute barkatzen. Esan behar, ia talde osoak kanpin dendetan egiten zuela gaua, coronabirusarekiko neurriak hartuz. Gainontzekoak bata bestetik urrunduta izkinetan kokatuak. Alegia, gure gaua indioen tribu baten antza antolatzen genuen, seguritate neurriak hartuz.

Larunbata, 29. Coronabirusarekikoak seguritate neurriak eskatzen ditu, baina ezin burutik pasa furgonetak eta kamioi txikiak ere zaintza behar zutela. Nola jakin, jendilaje batzuen erasoa jasango genuela eta lau errubera zulatuko zizkigutela gauaren babesean? Munizipalak ere zeharo harritua zeuden Usurbilen holakoak gertatzearekin, eta gainera gure aurka. Dena konpontzeak atzerapena ekarri zigun; baina azkenean abiatu ginen Zubieta eta Lasarte barrena. Donostiako Santa Katalinaren zubian Donostiako pentsiodunen taldekoen harrera. Altza eta Intxaurrondo auzoak zeharkatuz. Manifestazioa Euskal Herriko beste hiriburuekin batera. Egundokoa manifestazioa, kontuan izanik oraindik pandemiak jota gaudela.

Atzean utzi ditugu talde bizipenak. Nekeak eta pozak. Lehertzeko zorian uzten gintuzten Jon txoferraren berriketak, txisteak eta istorioak. Herrietako ekitaldiak, zeinetan antolaketa lanetan ibili diren emakumeen esku artzea oso nabarmena izan den (Hernanin izan ezik, beste herrietako aurresku dantzariek, denak neskak. Eta Alarde tradizionalekoak oraindik enteratu gabe, tradizioak bizi nahi badu, besteen artean, emakumeen eskutik izango dela, edo ez dela izango). Orokorrean, esan dezakegu aipatu herrietako taldeak, berpiztu eta aktibatu direla eta aurrera begira jarri. Izan ere agirian genion bezala:

Toledoko Itunak eta Kongresuko bozketak Pentsio Sistema Publikoa bideragarria dela agerian uzten duten arren, pentsioak murrizten ari diren erreformek bere horretan jarraitzen dute eta murrizketa berriei ateak irekitzen zaizkie.

Eta hori guztia gutxi balitz, Europatik datoz pentsioak pribatizatzearen aldeko haize erauntsiak.

Aste honetako emaitza ederrenetako alde bat izan da eragile desberdinekin izan ditugun harremanak eta elkarrekiko sinergia. Sindikatuek, feministak, gazte taldeak, eragile sozialak gure ondoan izan ditugu. 1.080 euro, gutxienez hemen. Pentsio duin eta publikoa. Murrizketarik ez. Genero arrakalarik ez. Azken finean, egungo langileen soldata zer ikusirik du biharko pentsioekin, lan duina eta finkoak bermatzeak ere bai. Eta egun gazte direnak jakin bezate gure borroka beraiena ere badela. Eta irakaspen bat mundu guztirako. Pandemiaren aurrean neurriak hartu, ez da txorakeria. Baina ez kikildu, ez uzkurtu, ez desanimatu, borrokak darrai; eta ahal da.

Bilatu