Juan Luis Mugertza Unanue

Berrehun gramo justizia, mesedez!

Itxoin pixka batean; izozkailuan begiratuko dut, badaezpada. Ez dago, bukatu egin da. Nola? Amaitu egin da? Badakizu, azken bolada honetan jendeak ez du askotan eskatzen, eta… Nahi baduzu berrehun gramo demokrazia, modu onean…? Ez dakit, bada, gure etxean oso gogoko dugun. Gainera, horrek (g)ezur asko izaten du, ezta? Bai, baina plantxan, buelta eta buelta, eta gainetik olio erreta botaz gero, ez duzue antzemango freskoa denentz. Tira, bada! Kasu egingo dizut. Burua kenduko diot, ala…? Jendeak nola jaten du? Edozein modutan. Demokraziak izen ona du, eta… esker oneko jatun asko. Besterik? Demokrazia bakarrik janda, gosetuta geldituko gara, eta… Hirurehun gramo askatasun, faborez! Barkatu, baina…, horrelakorik aspaldian ez dugu saltzen. Jendeak ez du eskatzen, ala? Beti dago baten bat, zure modukoa, baina…, gero eta gutxiago. Lehen, askatasuna, justizia… kontsumitzeko ohitura handiagoa zegoen, baina orain oso garestiak dira produktu horiek, eta... egoera honek ez du laguntzen. Orduan, askatasuna, justizia… eskatzeko, zer egin behar dugu? Sasoi batean, kalean, Benito Lertxundiren kantetan “Gure asmoak, esperantzak, herria, askatasuna, justizia…” eskatzea, eta entzutea gauza arrunta zen, baina, egun,… Gizarteak justiziari eta askatasunari ematen dien garrantzia ikusteko, Eurokopako finalaren inguruan indarkeria matxistak piztu duen alarmari, edota Italiako selekzioari egindako harreran bultzatutako baloreei erreparatzea baino ez dago. Ahaztu gabe, Kubaren kontrako jazarpena, eta Madrilen 13/13 sumarioan auzipetutakoak pairatzen ari diren sasi-epaiketarena. Orduan, orekatu jateko ohitura galdu dugu, ala? Nahi baduzu, saiatu, ondokoan. Horiek autonomia gehiago eskatzen dute, eta pozik daude.

Bilatu