Bittor Sanchez | Gipuzkoako EHNEren exekutibako kidea

Bizitzeko bi baldintza daude

Artzaiak gara. Ez gara igeltsero edo iturginak, baina beraiek bezala langileak gara. Jatekoa sortzen dugu. Eta bi baldintza daude ezinbestekoak «bizitza bizitzeko»: jatea eta arnasa hartzea.

Bizitzen jarraitzeko baldintza horietako batean zuentzako egiten dugu lan. Isilean. Mendian, larrean, baserri ondoan, hiri ondoan, herrietan. Zuen bizilagunak gara, egunero zuek bezalaxe lanera joaten garenak eta lan horregatik gure soldata eskuratzea gustatuko litzaigukenak. Edo inork lan egiten al du soldatarik jasotzeko asmorik gabe?

Aurten ere hasi gara ardiak jezten gazta ederrek zuen ahoak eta zentzumenak gozatu ditzaten, baina betiko kezka agertu zaigu: zenbat ordainduko didate esne litroagatik? Etxean gazta egiten ezin gara denok hasi, bete beharreko baldintzak, lan karga eta suposatzen duen inbertsioa handiegia delako. Horregatik askok Euskal Herrian dauden hainbat enpresetara saltzen dugu esnea. Baina David eta Goliaten arteko harreman bidegabean erortzen gara, izan ere, industriak sarri ez baititu legezko baldintzak betetzen.

Esnea jezten hasi baino bi hilabete lehenago likido zuriagatik zenbat ordaindu behar digun adierazi behar digu eta kontratu bat sinatu behar dugu, baina ez du horrela egiten. Esne tankeak beteta ditugun arte itxaroten du gu hestutzeko. Behin tankea beteta dagoenean, ez dugu negoziatzeko tarterik, esne horrek atera egin behar du, bestela galdu egingo delako, galdu egingo dugulako. Industriak hori badaki. Sarritan une horretan eramaten digu esnea, zenbat ordainduko digun esan gabe edo une horretan bertan kontratua sinatzeko amua jartzen digu, atzera bueltarik ez dugun une horretan bertan, eta ilegalki.

Horrela erabiltzen saiatzen dira. Aurre egiten diegunean esnerik ez digutela jasoko esaten digute eta askok baita egin ere. Legez kanpoko jokaera horiek artzaintzaren etorkizuna kolokan jartzen dute. Gure mendi eta larreei garbi eusteko konpromisoa kinka larrian jartzen dute. Zuen ahoak eta zentzumenak gozatzeko gazta, mami eta arkumeak desagertzeko bidean jartzen dituzte.

Bidezko harremana eta legala eskatzen dugu. Gure soldatak ordaintzeko, gure familiek jan dezaten, esne prezio duina nahi dugu! Artzaintzak etorkizuna izan dezan! Mendiak eta larreak garbi manten daitezen! Latxa ardia desagertu ez dadin. Zuen zentzumenak gozatzen jarraitu nahi dugu! Ez gara turistentzako argazkian jarri behar diren pertsonaiak. Langileak gara.

Bilatu