Imanol González Álvarez

Detaile txikien finala

Finala, detaile txiki batek erabakiko du. Txapelduna nor izango den, detaile txikiek erabakiko dute.

Zenbat bider entzun ditugu horrelako esaldiak azken egunotan? Zenbat adituk, sasi-adituk, futbolarik, futbolari ohik, kazetarik… esan dituzte halakoak azkenaldi honetan finalaren gainean telebistan agertu diren saio-uholdean?

Barkatuko didazue, finala galtzearen ajeaz egongo naiz beharbada, baina ez dut uste “detaile txikien” diskurtso horrek mesede egiten dionik Athletic taldeari partida bat irabazi behar duenean.

Esateko modu horiek egokiak dira lagunak egiteko agian, aurkako taldearen zaleak pozik geratzeko, eta ondo konpontzeko bi taldeetako jarraitzaileen artean.

Finala irabazteko ez, ordea. Gu, Athletic taldea, ez gara kasualitatez edo gertakari puntual bati esker partidak irabazi ditzakeen taldea. Ez gara izan, ez gara, eta segur aski, ez gara izango. Gure jokalariak ez dira beste talde batzuen “futbolari piano joleak” edota “jokaldi marrazkilariak”. Guk, irabazteko, irabazi behar izatekotan, sakatu, sakatu eta sakatu egin behar dugu.

Horma bota arte sakatu. Eta orduan bai; indarraren indarrez, kemena erakutsita, gol bat, bi, edo sartu beharrekoak sartuko ditugu.

Hala eta guztiz ere, ez ginen batere ondo aritu. Ez genuen asmatu ezertan ere. Uste dut hankak eta burmuinak blokeaturik jokatu genuela, irabazi beharrak edo galtzeari beldurrak eraginda, batek daki. Eta batek daki ez ote zebilen jokalarien buruetan “detaile txiki” bati esker irabaztearen ideia kaltegarri hori.

Orain gauza bakarra espero dut: hemendik aurrera, hurrengo partidetan, gorputz eta arimaz aurrera egitea, eta guk geuk horma hura botatzea, “detaile txiki” baten ondorioz horma noiz eroriko zain egon beharrean. Superkopan Real Madrid eta Bartzelonaren aurka egin genuen bezala, hain zuzen ere. Hala izan bedi.

Bilatu