Txumai Iturria | Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxako Antolakuntzaren izenean

Mila esker bihotz-bihotzez

2019ko Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa amaitu da. Iraun duen zortzi egunetan zehar 123 ibiltarik hartu dute parte eta ehun lagunetik gora aritu dira herrietan azpiegiturak prestatzen: ongi etorriak, lotarako lekuak, dutxak, afari herrikoiak... ehundaka atxekimendu jaso dugu: kirolariak, kultur eragileak, elkarteak, herritar xumeak, alkate eta auzapezak, axuantak eta zinegotziak... Iragan ditugun herrien sostengua ere jaso dugu: Ainhoa, Bidarrai, Baigorri, Urepele, Baztan, Sunbilla, Goizueta, Andoain, Usurbil... Zortzi egunetan zehar egundoko berotasuna, bultzada eta elkartasuna jaso dugu: dantzariak, trikitilariak, bertsolariak, pilotariak, kalejirak...

Egun hauetan bertatik bertara atzeman dugu Euskal Herriko Selekzioaren aldeko aldarriak oinarri sendoak dituela. Ofizialtasunaren beharra eta sentimenduak egunetik egunera geroz eta atxekimendu gehiago jasotzen ditu. Mendi Martxan euskal selekzioaren aldeko aldarriak batzen bagaitu ere pasatzen garen tokietako kezkek ere beren lekua izaten dute. Horrela, edizio honetan, beste gai hauek ere izan ditugu aipagai: Bixintxo Bilbaok jasotako zigorra saria jasotzerakoan ikurriña zabaltzeagatik, Nafarroaren eguna, Baztandarren Biltzarra, kontrabandoa edo gaueko lana, euskal emigrazioa, laister hasiko den makroepaiketa, Berria egunkarira egindako bisita...

19 urte hauetan ereindako haziak bere fruituak ematen hasiak dira jada. Ez ditzagun lurrean usteltzen utzi. Denon ardura da.

Bien bitartean guk geureari helduko diogu, 2020ko Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa ate joka dugu eta prestakuntza lanak abian dira.

Mila esker denoi.

Bilatu