Euskal industriaren kinka larri-larriak

Sidenorreko Basauriko instalazio nagusiak hemendik eta urte bukaera arte gutxienez hogei egunez itxiko ditu ateak. Produkzioaren heren bat errotik etengo du. 1.600 euskal langileri eragingo die erabakiak, zuzen-zuzenean, berehala. Ezinegona eta beldurra, baina, harago doa. Arcelorren edo Nervaceron dardarka daude, beste burdinola, galdategi eta altzairutegi askotan bezala. Erabiltzen dituzten teknologia intentsiboek argindar behar handia dute, eta, bistan da, argindarraren prezioa urtebetean hirukoiztu egiten bada, hori, nahitaez, kolpe itzela dela kostuentzat. Baita gure industria sistemarentzat ere. Gure herriaren oinarriak inarrosten ditu, milaka euskal langileren geroa zalantzan jartzen du, eta agerian uzten du ponpa handiz albistegietan saltzen den suspertze ekonomiko meteorikoaren falazia.

Egoera zaila, oso zaila da. Ez da bakarrik argindarraren prezioak argi gorri denak piztu dituela. Horniketa kate globalen etenak, adibidez, kinka larrian utzi ditu automobilgintza sektoreko gure enpresa handi eta txiki asko. Ez, ez da argindarraren prezioa edo txipen falta bakarrik. Gure produktu eta esportazio askoren kobrantzak inoiz ez bezalako atzerapenekin dabiltza. Fabrika asko daude kolokan, eusteko nahiko justu. Eta egoerari merezi duen larritasunez ekin behar zaio. Denen partetik. Sindikalismotik, politikatik, enpresetatik, orain arteko errezeta eta inertzia asko gaindituta.

Egoera larri hau langileen kaleratzeak azkartzeko eta justifikatzeko erabiliko duten enpresaburu eta gobernariak egongo direla ezin da ukatu. Salatu egin behar dira asmo horiek, irmo. Baina salaketa egitetik harago, beste zerbait ere behar da esploratu gabeko ur nahasiotan aurrera egiteko. Aldaketa aldarrikatzea eta aldatu nahi izatea ez dira sinonimoak. Denei dagokie ariketa hori zintzotasunez egitea, behar diren mahai, plaza eta ahaleginak bideratzea. Inteligentzia kolektiboa antolatuz. Benetako industria politikarik gabe egungo Euskal Herriak jai duelako.

Bilatu