Indarkeria sektarioa, unionismoaren karta

Ostiral Santuko bake akordioak sinatu zirenetik 23 urte betetzen ziren astean bertan kale istilu larriak gertatu dira Irlandako iparraldean. Unionista asko, eta oso gazteak gehienak, suzko lehergaiak eskuan hartuta aritu dira, autoei su ematen, poliziari aurre egiten. Iraganeko amesgaiztoak iratzarri eta giroa asko gaiztotu dute irudiek. Brexitak muga Irlandako itsasoan eta ez uharteko lurrean jarri izana aitzakiatzat hartu eta instintu baxuenak xaxatu dituzte batzuek, unionisten komunitatea saldu egin dutela aldarrikatzeko, ez dutela haiekin kontatzen esateko. Brexitaren aurkakotasuna konfrontazio estrategia bilakatu dute, lider unionistek Ipar Irlanda Brexitetik «askatuko» dutela promes egiten duten bitartean.

Begi bistakoa da: Brexitak Irlandako politika desegonkortu du. Unionistek Brexitaren Ipar Irlandarako Protokoloa traizioa bezala ikusi dute, eta, mugiezintzat zituzten berme konstituzional zaharrak mugitzen direla ikustean, sentsazio itogarri hori larriagotu egin da. Edozer gai erabiltzen dute globoa puzteko. Bobby Storey IRAko lider izandakoaren hileta ekitaldian pandemiarekin lotutako urruntze neurriak urratu omen zituzten errepublikanoak zigortu ez izanak, Sinn Feinek kontrola daukala erakusten omen du. Are, kaleetako oldarraldia justifikatzen du.

Biolentzia eskala txikikoa den arren, unionismoaren jarrerak hautsak harrotu ditu. Salduta, suminduta, engainatuta sentitzen direla diote unionistek. Eta unionisten komunitatean asko dira jada alderdi tradizionalek ez dituztela ordezkatzen sentitzen dutenak, haustura hori gertatzen ari da. Unionistek Brexitaren alde egin zuten eta hondamendia izan da. Gaindituta, gaiari nola heldu jakiteke geratu dira, aliatuak galdu dituzte munduan eta Londresen. Aste Santu honetan gertatu direnak, gorrotoaren eta blokeoaren hazia erein nahi duten ekintzak, ondo antolatuta zeuden. Irlandan gertatuak ez du bake prozesuaren porrota erakusten, batzuen lidergo falta baizik.

Bilatu