NAIZ.INFO
BILBO

Euskal trenbide sektore publiko eta soziala aldarrikatu du LABek

Euskal trenbide «publiko eta sozial» baten aldarrikapena egin du LAB sindikatuak Gobernu espainiarrak sektorea «pribatizatzeko eta liberalizatzeko» egin duen proposamenaren aurrean gaurko egunerako deitutako lan uztean. %90ean zifratu du LABek lan uztearen jarraipena.

LAB sindikatuak Bilbon egin duen elkarretaratzearen argazkia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
LAB sindikatuak Bilbon egin duen elkarretaratzearen argazkia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

LAB sindikatuak %90ean zifratu du Rajoyren Gobernuak trenbidearen sektorea «pribatizatzeko eta liberalizatzeko» egin duen proposamenaren aurka deitutako lan uztearen jarraipena. Era berean, euskal trenbide «publiko eta sozial» baten aldeko hautua plazaratu du.

Patxi Aguayo LABeko delegatuak gutxiengo zerbitzuak «gehiegizkoak» direla salatu du eta hauen aurkako helegitea aurkezteko aukerak daudela aipatu du.

Modu horretan, Nafarroako eta Lakuako Gobernuei dei egin die Aguayok sektore honen inguruko konpetentziak eurenak egin ditzaten, «Hego Euskal Herrian dauden trenbide azpiegituren, langileen eta aktiboen gaineko eskumenak gure herriari emateko».

Eguerdiko hamabietan manifestazioa egin dute Plaza Eliptikoraino eta goizean zehar pikete informatiboak ere egin dituzte.

Estatu espainiar mailako lan uztea CCOO eta UGTk

Estatu espainiar mailako lan uzte deialdia egin dute CCOO, UGT eta beste hainbat sindikatuk trenbidearen sektorean. EAEn %75eko jarraipena izan dutela aipatu dute UGTkoek.

Eguerdi partean manifestazioa egin dute Bilbon eta 2013reko sektorean «kaleratze masibo» bat aurreikusten dutela aipatu dute. «Trenbide publiko baten alde. Pribatizaziorik ez» lelopean egin dute martxa.

Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak %20an zifratu du Estatu espainiarrean lan uztearen jarraipena eta garraioa normaltasun osoz dabilela nabarmendu du.