NAIZ.INFO
DONOSTIA

Dustin Hoffmanek jasoko du 60. urtemugaren Donostia Sari Berezia

Dustin Hoffman aktoreak jasoko du Zinemaldiaren 60. urteurrenaren Donostia Sari Berezia. Aktoreak zuzendutako lehen filmarekin itxiko dute jaialdia.

Dustin Hoffman, abuztuko argazki batean. (Kevin WINTER/AFP)
Dustin Hoffman, abuztuko argazki batean. (Kevin WINTER/AFP)

Jose Luis Rebordinos eman du gaur Zinemaldiaren azken sorpresaren berri: Dustin Hoffman aktoreak jasoko du 60. urteurrenaren Donostia Sari Berezia, jaialdiaren itxialdiko ekitaldian.

Aktore estatubatuarrak zuzendari gisa egin duen lehenbiziko filma aurkeztuko du: ‘Quartet’.

Bi Oscar sari jaso ditu Hoffmanek, lehena 1980an, ‘Kramer vs. Kramer’ filmagatik, eta bigarrena 1989an, ‘Rain Man’en egindako lanagatik. Hainbat aldiz izendatua izan da. Horretaz gain, beste hainbat sari jaso ditu zineman egin duen ibilbidean.

Hoffmanekin batera, Oliver Stone, John Travolta, Ewan McGregor eta Tommy Lee Jonesek jasoko dute aurten Donostia saria.

Rebordinosek nabarmendu duenez, Zinemaldian egun bakoitza Hollywoodeko izar bate argituko du.

Epaimahaia

Gaurko agerraldian epaimahaiko kideen berri ere eman dute. Christine Vachon produktorea izango da buru, eta harekin batera Agusti Villaronga zuzendaria, Ricardo Darin eta Mia Hansen-Love aktoreak, Michel Gaztambide gidoilaria, Peter Suschitzky argazkilaritza zuzendaria eta Julie Taymor zine eta antzerki zuzendariak osatuko dute epaimahaia.

Zinemaldia hilaren 21ean inauguratuko da Nicholas Jareckiren ‘El fraude’ pelikularekin. Filmeko aktore nagusiak, Richard Gere eta Susan Sarandon, Donostian izango direla baieztatu dute.

Sarreren salneurriak

Zinemaldiko zuzendariak azaldu duenez, BEZaren gorakada dela-eta, sarrera solteen prezioak garestitzea erabaki du antolakuntzak, baina hamar sarreratik gorako abonuek %25eko deskontua izango dute (orain arte %20koa zen).