NAIZ.INFO
DONOSTIA

Tabakalera «sorkuntza fabrika» izatea nahi du zuzendaritza berriak

Herritarrei irekia izango den «sorkuntza fabrika»  eta «hiri kulturala» izango da Tabakalera, proiektuko arduradun nagusi berrien arabera. Urriaren lehenean ekingo dio bere jardunari Ane Rodriguez Armendariz kultura zuzendariak. Haritz Azkarraga gerenteak 2015eko ekainerako lanak amaitzea espero dutela adierazi du.

Haritz Azkarraga, Juan Karlos Izagirre eta Ane Rodriguez Armendariz gaurko agerraldian. Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Haritz Azkarraga, Juan Karlos Izagirre eta Ane Rodriguez Armendariz gaurko agerraldian. Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Tabakalera proiektuan ardura nagusia izango dutenen lan ildoak ezagutarazteko jendaurreko aurkezpena egin dute gaur Donostian.

Ekainaren 26an erabaki zuen Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko (KGNZ) Administrazio Kontseiluak bi arduradun berrien izendapena; Ane Rodriguez Armendariz, kultura zuzendaria, eta Haritz Azkarraga, gerentea. Gaur kontseiluaren presidente eta Donostiako alkate den Juan Karlos Izagirreren eskutik egin dute biek lehen agerraldi publikoa.

Ane Rodriguezek azaldu du aurreko lan taldeak Joxean Muñozen eskutik landutako proiektua oinarri hartuta ariko direla lanean. Tabakalera «sorkuntza fabrika» izatea nahi dutela adierazi du, «ikerkuntza eta sorkuntzari lotuta garapena sustatuko dituena, esperimentazioari bide emango diona».

Esparru horretan lanean ari diren agenteekin eskuz esku lan egiteko asmoa ere azaldu du eta denen ikuspuntu eta beharrak ezagutzeko lan egingo dutela, «edukiontzia garrantzitsua da, baina ez du zentzurik ez badugu ingurunea kontuan hartzen».

Hurrengo hilabeteetan Tabakalerarekin elkarlanean dihardutenekin bildu eta proposamenak landuko dituztela iragarri du eta parte-hartze bideak sustatu nahi dituztela. Herritarrei irekia izatea nahi dute, Tabakalera «hiri kulturala» izango dela esan du Rodriguezek.

Zaharberritzea 2015eko ekainerako

Haritz Azkarraga gerenteak Tabakaleran ariko direnekin (Kutxa, Euskadiko Filmategia, Etxepare Institutua eta Donostia Zinemaldia) espazioen erabileraren inguruko definizioa sakontzeko unea dela azaldu du.

Zaharberritze lanak ondo doazela esan du eta krisiak «mesederik ez» egin arren 2015eko ekainerako lan nagusiak amaituta izatea espero dutela.