ALVARO HILARIO
BILBO

Eako poesia egunak: 10 urte artea eta literaturaren gaineko hausnarketa bultzatzen

Uztailaren 19tik 21era ospatuko da EAko poesia egunen X. edizioa. Aurten protagonismo berezia izango du Eako herritarrek zaharberritutako XVIII. mendeko Urtubiagako burdinolak.

Auzolanean zaharberritu duten Urtubiagako burdinolak protagonismo berezia du aurten. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Auzolanean zaharberritu duten Urtubiagako burdinolak protagonismo berezia du aurten. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Hamargarren ediziora heltzear daude Eako poesia egunak, Mari Asun Landak adierazi duen bezala, «herri txiki bateko elkarte txiki batek» antolatuak. Hamar urte non hainbat ezaugarri finkatu diren, hala nola, Gabriel Arestiren berrirakurketa; artearen zein literaturaren gaineko hausnarketa; aurten kaleratutako euskal poesia liburuen agerraldia; poesia gogoan duten musikarien emanaldiak; emakumearen presentzia; herriko ondasunen eta literaturaren arteko lotura sendotu eta esku-hartze artistikoen bidez nabarmendu; edota Euskal herria kontinentalekoaren inguruko begirada luzeak eta zorrotzak.

Horiek ditugu, besteak beste, uztailaren 19tik 21era garatuko diren literatur jardunaldien ardatzak, gure kulturaren hainbat eragilek bizi garen egoeran poesiak dituen betebeharrak argitzeko erabiliko dituztenak.

Mikel Antza, Joseba Sarrionandia, Eñaut Etxamendi, Luzien Etxezaharreta, Fabiana Boer argentinarra, Oier Guillan, Josu bergara, Patxo Telleria, Mikel Martinez, Ainara lasa, Eñaut Elorrieta, Borja Estankona, Jurdana Otxoa, Castillo Suarez edo Ainhoa Alberdi ditugu Ea olerkiaz, musikaz, arteaz eta eztabaidetaz beteko duten kultur eragileetako batzuk.

Bitxia, ederra, da Hea Elkarte Kulturalekoek artea eta herriko altxorrak uztartzeko urtero egiten duten ahalegina. Lapatza, portua, Beletxe, Eskolape, Bedarona eta Natxitua ez ezik, protagonismo berezia hartuko du aurtengo edizio honetan auzolanari esker Eako herritarrek zaharberritutako XVIII. mendeko Urtubiagako burdinolak. Azpimarratzekoa da ere hirugarren aldiz kaleratuko den ‘Zaldiarri’ argitalpena.