Gotzon ARANBURU
ZEGAMA

Zuhaitzen biblioteka

Interneten bilaketa azkar bat eginda, berehala azaltzen da non dagoen munduko xilotekarik handiena: Estatu Batuetako Connecticuten, Yaleko Unibertsitateko Baso Eskolan. Mundu osoko 60.000 egur zati dauzkate han jasota. Euskal Herriko handiena Zegaman dago, Andutzan museoan, eta gure herriaren zurezko biblioteka dela esan daiteke. Izan ere, hemen ordezkatuta ez dagoen arbola motarik nekez aurkituko dugu gure lurraldean.

Andutzan museoan 1.600 piezatik gora daude. (Gotzon ARANBURU)
Andutzan museoan 1.600 piezatik gora daude. (Gotzon ARANBURU)

Gaur egun «egurra» beste hitzik ez dugu erabiltzen ia, baina «zura» ere badago, eta askotan bigarren hau egokiagoa da. Azkueren hiztegian begiratzen badugu, «egur: leña, bois de chauffage» arkituko dugu, eta «zur: madera, bois de construction». Alegia, sutara botako dugun hori egurra da, eta altzariak egiteko erabilitakoa, zura. Erabilera bat edo bestea izanda ere, arbolatik datoz, eta arbolei kendutako laginekin osatu du Imanol Artolak bere bilduma ikusgarria, 1.600 piezatik gorako xiloteka. 

Zegamako Andutzan museoa zuraren interpretazio zentroa da, eta hantxe daude jasota Artolak urte luzez bildutako zura-egur laginak. Ehundaka kiloko enbor zatiak eta liburu txiki baten neurriko zura pusketak arkitu ditugu hemen, zenbakia eta izena jarrita, baita jatorria ere: Euskal Herria, Europa, Amerika, Asia… Ezin egokiago argiztatuta daude eta gozamena da begirada gelan barrena pasiatzea. Begiratzea bakarrik ez, usaintzea ere badago hainbat pieza. «Hartu usaina honi, hartu» esan digu Imanolek, metrotik gorako diametroa duen enborra seinalatuz. Zedroa da, eta sudurra berarengana gerturatuz ondo ulertzen da zergatik erabili zuen Salomon erregeak bere jauregia eraikitzeko.

Gure artean xilotekak ez dira oso ezagunak. Badago bat Donostiako Easo institutu politeknikoan, altzarigintzako ikasleek erabiltzeko, eta Leitzako Jose Miguel Elosegik ere bilduma polita dauka, baina «biblioteka» nagusia Zegamako hau da zalantzarik gabe. Xilografia edo xilofono bezala, «xylos» hitz grekotik datoz xiloteka eta xilotomia. Azken honek zura ikertzen duen zientziari ematen dio izena. Arlo honetako mundu mailako aldizkari nagusia ‘World of Wood’ da eta bertan dioenez, «benetan bere basoak eta arbolak zaindu eta kontserbatu nahi dituen nazio orok eduki behar du gutxienez xiloteka bat». Esan bezala, munduko xiloteka handiena Estatu Batuetan dago; bigarrena Belgikan (Afrikako arbolez osatua gehienbat), eta momentu honetan Indonesiako Bagorrekoa izango da seguru asko hirugarrena, 33.000 pieza baino gehiagorekin.

Zegamako paper fabrikan lan egiten zuenean ez zuen Imanolek honelako lanik hartzea asko pentsatuko. Baina lantokia itxi egin zen eta basozain hasi zen. Eta horretan ari zela, Gipuzkoako Aldundiko teknikoek egur laginak jasotzera animatu zuten, ilargiak arbolen hazkundean zer nolako eragina ote daukan ikertu behar zutela-eta. Hala aritu zen, eta zazpi urte eman zituen enborrak bilatzen, zatiak mozten, eta lehortutakoan arrabotatzen eta lijatzen. Bakoitzari bi korte ematen zizkion, bata goitik beherakoa eta bestea zeharkakoa, eraztunak eta koloreak ondo ikus zitezen. Oñatiko guardaetxean eta Arantzazuko santutegian jaso zuen bilduma, baina hazten eta hazten joan zen eta azkenean Zegamako museo eder honetan bukatu du.

Bertako hamar bat espezie faltan

Bildumak 1.600 piezatik gora ditu gaur egun. Horietatik 173 Euskal Herrikoak dira eta gainontzekoak mundu osokoak. Aurrenekoa non hartu zuen ondo du gogoan Imanolek. Arrasaten izan zen, ‘Cunninghamia’ espezieko zuhaitz batekin topo egin zuenean: «Gipuzkoa osoan beste alerik ez zela igual izango pentsatu nuen eta zatitxo bat gordetzea erabaki nuen. Ondoren teknikoek animatu ninduten eta hala hasi nintzen serio bilduma osatzen». Garbi utzi behar da Imanolek ez duela arbolarik botatzen enborra hartzeko, eta horregatik falta zaizkio Euskal Herriko hamar bat espezie bilduma osatzeko, oso gutxi geratzen direlako eta basoan oso ondo daudelako.

Bertako arbolen bilduma osatuta, kanpokoak bilatzeari ekin zion Imanolek. Internetek asko lagundu dio horretan eta dagoeneko 1.500 lagin eskuratu ditu, baina bi milara gutxienez iritsi nahi du, «apaletan tokia badago oraindik eta», umorez dioenez. Kanpoko espezie asko, bai zuhaitz eta bai zuhaixka, Euskal Herrian bertan arkitu ditu, lorategietan espezie exotikoak jartzeko dagoen ohitura dela-eta. Baina trukea da bildumagileek kolekzioak osatzeko erabiltzen duten tresna nagusia, eta horri esker munduko beste puntako egur motak ikus daitezke Zegaman, Fidji irletakoak edo Indiakoak, zenbaki eta izenez identifikatuta. Imanol bera gidari aritzen denean gozatzen da gehien erakusketaz, asko baitaki eta dakiena tajuz kontatzen baitu.

Esaterako, gure artean «insignis» pinua hainbeste zergatik hedatu den ondo asko azaldu digu, enborraren aurrean: «Begira, ikusten dituzu hazkunde-eraztun hauek? Badakizu urteko bat irteten dela. Bada ikusi enbor honek, berrogei urtetan, zer diametro handia hartu duen. Eta orain konparatu honekin, intxaurrarekin, eta ikusi hau zein gutxi hazi zen denbora berean. Hazkunde azkarrak, diruak azken batean, horrek egin zuen insignisa hain ohikoa gure mendietan».