NAIZ
EIBAR

Huesca debutariak ustekabean harrapatu du Eibar Ipuruan

Zaplastekoa jaso du Eibarrek, Lehen mailan debuta egin duen Huescaren aurka galdu egin du eta Ipuruan (1-2). Nagusi izan dira bisitariak, eta soilik markagailuak 0-2 erakusten zuenean hasi dira etxekoak neurketan nagusitzen. [Neurketaren xehetasunak]

Azken minutuetan baino ez da nagusitu Eibar jokoan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Azken minutuetan baino ez da nagusitu Eibar jokoan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Orain hamar urte jokatu zuten Eibar eta Huescak euren arteko azken neurketa. Bigarren mailan egin zuten topo, eta urte hartan Eibar izan zen Bigarren B mailara jaitsi zen taldea. Gaur, aldiz, Huesca zen debutaria Lehenengo mailan. Nola aldatzen diren gauzak.

Debutaria izanagatik ere, lotsagabe jokatu dute bisitariek Ipuruan. Eurenak izan dira neurketako lehenengo gol aukerak, min asko egin baitute bizitasun handiz sortu dituzten erasoko jokaldiekin. Hala, segituan jarri dira aurretik markagailuan: 5. minutua zen Alex Gallarrek bakarkako jokaldia egin eta baloia sareetara jaurti duenean.

17. minutura arte itxaron behar izan dute etxekoek bisitarien atezainak zaindutako atera gerturatzeko; ordurako, baina, beste aurrez-aurreko bat salbatua zen Dmitrovic. Gauzak ez zihoazen Mendilibarrek nahi bezala.

32. minutuan ia berdindu du neurketa Bebek. Aukera ona izan du errematea egiteko, baina nahiko ahula atera zaio hau eta gelditu erraza egin du Wemerrek. Gauzak harik eta gehiago zailtzeko, bigarrena egin dute bisitariek 40.ean. Alex Gallar izan da golegilea bigarrenez, berak ateratako falta jaurtiketa bat inork errematatu ez eta sareetara joan baita zuzenean.

Bigarren zatia hasi eta berehala baliorik gabe utzi diote gol bat Huescari, eta badirudi hori izan dela Eibar suspertzea ahalbidetu duena. 57. minutuan gutxigatik joan da kanpora Orellanaren jaurtiketa eta 68an egin du Eibarrek bere gola: Escalante izan da golegilea.

Neurketaren amaiera bitarte erabat nagusitu da Eibar jokoan, baina lehenengo zatiko erroreak konpontzeko betarik ez dute izan armaginek.

Azkenean, 1-2 markagailuan eta esku hutsik Eibar denboraldiko bere debutean.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.