naiz
Donostia

Danny DeVitok Zinemaldiaren 66. edizioko Donostia saria jasoko du

Danny DeVito estatubatuarrak aurtengo Zinemaldiaren Donostia saria jasoko du irailaren 22an Kursaalean. Hurrengo egunean, irailaren 23an, ‘Smallfoot’ filma aurkeztuko du Belodromoan. Sariaren bidez ia bost hamarkadako ibilbide bat omendu nahi du antolakuntzak.

Danny DeVitok Zinemaldiko Donostia saria jasoko du. (Frazer HARRISON / AFP)
Danny DeVitok Zinemaldiko Donostia saria jasoko du. (Frazer HARRISON / AFP)

Antzerkian, zineman eta telebistan aritu den aktore eta errealizadore Danny DeVito sarituko du Zinemaldiak. Urrezko Globo eta Emmy sarien irabazle ezaguna da ‘Taxi’ eta ‘It’s Always Sunny in Philadelphia’ telesailengatik eta ‘One Flew Over The Cuckoo’s Nest’, ‘Terms of Endearment’, ‘Romancing the Stone’, ‘Twins’, ‘Ruthless People’ eta ‘Tin Men’ filmengatik.

Film enblematiko askotako protagonista izan da, eta batzuk zuzendu ere egin ditu, hala nola, ‘The War of the Roses’, ‘Hoffa’, ‘Death to Smoochy’, ‘Throw Momma from the Train’, ‘Curmudgeons’, ‘Duplex’, ‘The Ratings Game’ eta ‘The World’s Greatest Lover’. Gainera, Quentin Tarantinoren, Steven Soderberghen edo Forman beraren filmak ekoiztu ditu.

Hainbat film egin zituen aktore gisa. Datorren urtean luzaroan espero izandako ‘Dumbo’ lanaren bertsioaren estreinaldia izango da. Bertan, ‘Big Fish’en bezalaxe, zirko zuzendari bat hezurmamituko du, eta hirugarren lana izango da Burtonekin. 90eko hamarkadatik aurrera, gainera, ekoizle-lanetan aritu da zenbait filmetan, besteak beste: ‘Pulp Fiction’, ‘Get Shorty’, ‘Gattaca’, ‘Man on the Moon’, ‘Erin Brockovich’, film onenaren Oscar sarirako nominatua, ‘Garden State’, edo ‘Freedom Writers’. Ahots aktore gisa ere lan egin du DeVitok animazioko film batzuetan: ‘Space Jam’, ‘Hercules’, ‘The Lorax’ edo Donostiara aurrenekoz ekarriko duen filma, ‘Smallfoot’, Belodromoan proiektatuko dena.