NAIZ
ATENAS

Erreskateen aroa atzean utzi du Greziak baina zauriek zabalik diraute oraindik

Zortzi urtez hartzekodunen kontrolpean egon ondoren, Greziak atzean utzi du hirugarren erreskate programa, greziarrei sakrifizio handiak ekarri dizkiona, herrialdea akituta utzi duena eta oraindik itxi gabe dauden zauriak eragin dituena. Europak eta Gobernuak berak erreformekin jarraitzeko beharra nabarmendu dute. 

Bi turista, Atenaseko hormetako margoketei argazkiak ateratzen. (Louisa GOULIAMAKI/AFP)
Bi turista, Atenaseko hormetako margoketei argazkiak ateratzen. (Louisa GOULIAMAKI/AFP)

Greziak erreskateen aroa ofizialki atzean utzi duen honetan, Yannis Dragasakis lehen ministro ordea izan da Gobernuaren izenean egun «historiko» honen inguruko irakurketa egiteko ardura izan duena. Moderazioz mintzatu da eta batez ere datozen erronkez eta hartu beharreko ardurez hitz egin du. 

«Krisiaren zauriak eta austeritate luzearen trauma sendatzeko baliatu behar dugu aukera hau, iraganeko gaitzekin amaitu eta jendartea etorkizunean izan daitezkeen krisiez babesteko eraldaketak martxan jartzeko», azpimarratu du Dragasakisek ‘Efymerida ton Syntakton’ egunkariari eskainitako elkarrizketan. 

Grezian ireki den etapa berri hau «itun sozial handi» baterako «abiapuntu» izan behar dela nabarmendu du. 

Alexis Tsipras lehen ministroa ere etorkizuneko erronkez mintzatzea espero da bihar egitekoa duen diskurtsoan. 

Europako Egonkortasun Funtsak (ESM, ingelesez) ohartarazi du asko direla oraindik hazkunde ekonomikoa jasangarria izan dadin (%1,4koa izan zen 2017an) Greziak egin behar dituen erreformak, tartean erretiro-pentsio sistemarena, administrazio publikoarena edota pribatizazio prozesuarekin jarraitzea. 

Europako Batzordeko Ekonomia komisario Pierre Moscovici ere egun «historikoa» dela nabarmendu du, azken zortzi urteak Greziarentzako «mingarriak» izan direla aitortuz.

Gaineratu du Grezia «librea» dela aurrerantzean «Europako marko komunaren baitan» bere politika ekonomikoa definitzeko, baina jarraian argitu du «hartutako konpromisoak errespetatu» behar dituela eta Bruselak adi jarraituko duela erreformen inplementazioa. 

Krisiaren eta etengabeko murrizketen ondorioz, milioi bat greziar geratu dira langabezian, herrialdeko ekonomia %25 murriztu da eta pentsioak %40 inguru txikitu dira. Horregatik, herritarren artean nekea, etsipena eta etorkizunari begirako eszeptizismoa da nagusi.