NAIZ
LEITZA

«‘Ernai’ gaude eta ‘aitzina’ goaz», aldarrikatu dute gazte antolakundearen 40. urteurrenean

Belaunaldi ezberdinetako 1.000 lagun inguru bildu dira igande eguerdi honetan Leitzan gazte antolakundearen 40. urteurrenaren harira ‘Bulkada berrien garaia da!’ lelopean egin den ekitaldian. Bertan, aipatu urteurrena ospatzeko garatuko dituzten egitasmoen berri eman dute.

Leitzako frontoia, gazte antolakundeko kide izan diren belaunaldi ezberdinetako lagunez betea. (Iñigo URIZ/FOKU)
Leitzako frontoia, gazte antolakundeko kide izan diren belaunaldi ezberdinetako lagunez betea. (Iñigo URIZ/FOKU)

Leitzako frontoia pankarta handi batekin esnatu da igande honetan. Hala zioen bertan: ‘Bulkada berrien garaia da!’. 40 urte beteko dira datorren urtean Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik eta bertara deitua zuten ezkerreko gazte independentistek, aipatu urteurrena dela eta egin asmo dutena aurkezteko.

Mila gazte inguru elkartu dira Leitzako frontoian, eta bertan egon ezin izan dutenak oroituz hasi dute ekitaldia.

«Urte luzez Euskal Herriari konpromiso militantez duguna eta dakiguna ematen jakin izan dugu. Bazter guztiak aldarriz bete ditugu, pertsona askez osatutako herri librea amets», aldarrikatu dute, eta ezinbestekotzat jo dute gazte borroka.

«Prekaritatearen aurkako borrokaren pizgailu izan gara, gazte problematika erdigunera ekarriz. Mugez gaindi antolatu, borrokatu, harremandu eta bizitzeko gai izan gara», nabarmendu dute. «Eta egun? Egun, inoiz baino gehiago bulkada berrien garaia dela diogu».

Gazte borrokak utzi duen ondarea eurena egiten dutela adierazi dute gaur Leitzan bildu diren gazteek. Zentzu horretan, egun euren konpromisoak bere horretan jarraitzen duela azpimarratu dute.

Lehenengo gazte antolakundea sortu zela 40 urte beteko direla eta, ibilbide guztia jasoko duen liburua argitaratuko dute abenduan. Horrez gain, herri eta auzo bakoitzak bere liburu propioa idatziko duela aurreratu dute, «gazte borrokaren memoria bete-betean eta lehenengo pertsonan gorde dezan».

Bestalde, apirilaren 19, 20, 21 eta 22an Gazte Topagune «erraldoi» bat egin asmo dutela azaldu dute, «izan ginenak, garenak eta batez ere izango zaretenak batzeko helburua izango duena».

Amaitzeko, Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren alde borrokan jarraitzeko deia egin dute.