NAIZ
DONOSTIA

Greziako errefuxiatuentzako arropa bilketa egingo du Zaporeak proiektuak hilaren 17an

Orain arte jorratu duen elikaduraren arloan «asmo sendoarekin» jarraitzen badu ere, Greziako errefuxiatuen «arropa behar larriaz» jabetuta, Euskal Herri mailan arropa bilketa bat egingo du Zaporeak proiektuak datorren larunbatean, hilak 17.

Ohar baten bitartez, «zerbait puntual eta berezi gisa» hilaren 17an Euskal Herrian barrena egingo duen arropa bilketaren berri eman du Zaporeak proiektuak.

Bilketaren erdigunea Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egongo da, baina boluntario eta laguntzaile sare baten laguntzaz beste herri eta eskualde batzuetara ere iritsi ahal izango da, tartean Beasain, Lizarra, Tafalla, Leitza, Laudio, Arabako Errioxa, Markina-Xemein eta Etxebarrian. Guztira 35 gunetan egingo da bilketa.

Horiez gain, hainbat eskola, unibertsitate, elkarte eta enpresek ere bat egin dute Zaporeak proiektuaren egitasmoarekin eta euren eraikinetan ere bilketak egingo dituzte. Haietako batzuk larunbata baino lehen hasiko dira arropa biltzen.

Zehazki, neguari aurre egiteko arropa da bildu nahi dutena, «errefuxiatuek neguari egoera duin batean aurre egin diezaioten». Besteak beste, haur, emakume zein gizonezkoentzat jertseak, jakak, zapatak, bufandak, txanoak eta abar eskatu dituzte. Barruko arropa eta galtzerdien kasuan, berriak bilduko dituzte.

Jasotako guztia sailkatu eta azaroaren 26 eta 27an Greziara bidean jartzea da asmoa.

Palet bakoitzaren bidalketa gastuak 150 eurokoak direnez, laguntza eskatu dute eta bilketa guneetan jarriko diren itsulapikoez gain, kontu korronte bat ere ireki dute (Laboral Kutxa: ES18 3035 0103 84 1030037127).