Twitter bitartez jakinarazi du LAB sindikatuak Gobernu espainolaren Nafarroako ordezkaritzak, Mozal Legea baliatuz, 600 euroko isuna ezarri diola –arin ordaintzeagatik 300era murriztua– iragan apirilean Lan Ikuskaritzan egin zuten protesta batengatik.
LAB sindikatuari 300 euroko isuna jarri dio Espainiak 2018ko apirilaren 27an Lan Ikuskaritzaren okupazio sinbolikoa egiteagatik.
— LAB Nafarroa (@LABnafarroa) 14 de noviembre de 2018
2017an Nafarroan 12 langile hil zirela salatu nahi izan genuen ekintza harekin. (aurten 20 daramatzagu!!)#PrekarietateaHiltzailea #MozalLegeariEz pic.twitter.com/IBbRG6MGJ7
Zehazki, 2017an Nafarroan hamabi langile zendu zirela salatzeko «okupazio sinbolikoa» egin zuten Lan Ikuskaritzan.
Zigorra ezartzeko ebazpena hainbat akats dituela salatu du sindikatuak: protestaren data, parte hartu zutenek zeramaten arropa, protestaren iraupena…
Izan ere, Polizia espainolak egin zuen txostenean esaten zen protestan parte hartzen ari zirenak zuriz jantzita zihoazela, kolore horretako masparak ere aipatuz, argazkiek argiki erakusten dutenean gorriak zirela.
Okupazioa apirilaren 29an izan zela ere zehazten da txostenean. Lan Osasunaren Nazioarteko eguna apirilaren 28an da, baina aurten larunbata egokitu zenez, LABek ostiralean egin zituen protestak eta ez igandean, bulegoa itxita baitzegoen orduan.
Era berean, LABek gezurtatu egin du protestan parte hartu zutenek herritarrei sarrera galarazi zietenik eta okupazioa, poliziek dioten gisan, «lider» batek agindu zuenean bukatu zenik. Sindikatu abertzaleak nabarmendu du protesta, aurreikusita zegoen moduan, 12 minutukoa izan zela, 2017an izandako lan heriotz bakoitzeko minutu bat.
«Poliziek diote, poliziek diote... Sudur puntan jartzen zaiena erraten dute poliziek», nabarmendu du sindikatuak.