NAIZ
AURITZ

Kanpoko arkumez betetako kamioi bat gelditu du EHNEk, prezio duinak aldarrikatzeko

EHNE sindikatuak Estatu frantsesetik zetorren arkumez betetako kamioi bat gelditu du Auritzen gaur goizean, Eguberrietan «urtetik urtera errepikatzen den egoera» salatu eta administrazioei merkatuaren gardentasuna bermatu eta iruzurra saihestu dezatela exijitzeko.

EHNEko kideak, Auritzen geldiarazi duten kamioiaren aurrean. (EHNE)
EHNEko kideak, Auritzen geldiarazi duten kamioiaren aurrean. (EHNE)

Nafarroako EHNEko hainbat kidek arkumez betetako kamioi bat gelditu dute gaur goizean Auritzen, kontsumitzaileei urtero «Eguberrietan errepikatzen den» egoeraz ohartarazteko eta administrazioei bertako produktuen alde egin dezatela exijitzeko.

EHNEk azaldu duenez, sasoi honetan urte guztiko arkume haragiaren %35 kontsumitzen da. Egun hauetan 250.000 arkume bizi sartzen da Estatu espainolera, gehienbat Estatu frantsesetik. Arkume horien jatorrizko artaldeak esne ekoizpenera bideratutakoak izan ohi dira eta «oso prezio baxuan» erosten dira, «bertako merkatua itoz». Horren ondorioz, salatu dute, «bertan bizi garen ekoizleoi are eta prezio baxuagoa ordaintzen digute, egoera are eta larriagoa bilakatuz».

Gainera, Gabonetako bi asteak igaro ondoren «erabat» jaisten da arkumearen salneurria, eta hori «ez da jasangarria».

«Kanpotik datozen arkumeak hemengo hiltegietan hiltzen dira eta kontsumitzaileak sarri, bertako sor marken baitan (Nafarroako arkumea…) ekoitzitako haragia dela uste du, nahasmena eraginez», salatu dute.

EHNEren esanetan, etiketetan ez da «informazio garbia» ematen eta horrek «hainbat hiltegik eta tratanteek nahi dutena egitea dakar: aurrez biltegiratutako arkume haragia kontsumorik altuena dagoen sasoi honetan merkatura ateratzen dute prezioak jaisteko eta artzainei huskeria bat ordaintzeko».

Egoera horren aurrean, administrazioei exijitu diete merkatuan gardentasuna bermatzeko «kontrol zorrotzak» egin ditzatela, «iruzurra saihestu eta kontsumitzaileak benetan jakin dezan zein produktu erosten ari den, haragiaren jatorria zein den eta kontziente izan dadin zer bultzatzen duen bere erosketaren bidez».