NAIZ
BILBO

Saltokiak igande eta jai egunetan ez irekitzeko kontzientziazio eta salaketa kanpaina abiatuko dute

Igande eta jai egunetan saltokiak irekitzearen aurkako plataformak kontzientziazio eta salaketa kanpaina jarriko du martxan, «merkatariak, langileak eta kontsumitzaileak eskutik helduta» joan daitezen ordutegien liberalizazioaren aurrean eta «kontsumo basatia» sustatzen duten ereduen aurrean.

Igande eta jai egunetan saltokiak irekitzearen aurkako plataformako kideak, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Igande eta jai egunetan saltokiak irekitzearen aurkako plataformako kideak, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Igande eta jai egunetan Merkataritza Irekitzearen aurkako Plataforma osatzen duten eragileek –LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta CGT, Euskaldendak-i atxikitako merkatarien elkarteak, EKA/ACUV eta EKE kontsumitzaileen elkarteak, Bilboko Auzokideen Elkarteen Federazioa, Donostiako Bizilagunekin Plataforma, REAS (Euskadiko Ekonomiaren Sare Alternatibo eta Solidarioa), Ernai eta SOS Alde Zaharra-k– agerraldia egin dute Bilbon, El Corte Inglesen atarian, abian jarriko duten kontzientziazio eta salaketa kanpainaren berri emateko.

Azaldu dutenez, EAEko merkataritza sektorearen «oreka mehatxupean dago berriro, izan ere elikadura alorreko kate handiak, «batik bat Carrefour Express, Simply, Supercor (Corte Ingles) edo Coviran, besteak beste, apurka-apurka irekitze-eredu bat hedatzen ari dira, urteko egun guztietan irekita egoteko, kasu askotan 24 orduko formatuetan 365 egunetan».

Kezkagarritzat jo dute horietako batzuk «frankiziatutako merkatari txikiak» izatea; plataformako kideek salatu dutenez «batzuetan marka handiek ariete moduan erabiltzen dituzteeta ez dira konturatzen kate eta erostetxe handiekiko elkarlan horren ondorioz ordutegien liberalizazioa datorrela, eta denda txikien salmentetan gainbehera latza».

Gero autonomo edo merkatari txiki horiek «enplegatuak kontratatzen dituzte baldintza prekarioetan; eta horren eraginez beste denda batzuk itxi beharrez daude, sektoreko biziraupena eta eskubideak errespetatzen dituztenak, enpleguaren zati handi bat kolokan jarriaz».

Horren aurrean, «kontsumitzaile gisa dugun erantzukinzuari» dei egin diote plataformako ordezkariek: «Gure erosketak egiteko ordutegiak behar bezain zabalak dira, eta jabetu behar gara zer eta noiz erosten dugun. Langileon artean elkartasuna eta begirunea nagusi izan ezean, nekez lortuko dugu gizarte zuzen bat, ezta kolektibo bakoitzeko eskakizunak ere (emakumeak, gazteak, pentsiodunak, langabeak, sektore publikoko eta pribatuko enplegatuak)», ohartarazi dute.

Kontsumo eredu «basatiak» ez sustatzeko deia ere egin dute, horiek «multinazionalen jabe bakan batzuen mesederako» baitira.

Horri guztiari aurre egiteko kontzientziazio eta salaketa kanpaina bati ekingo diote, «denok batera jokatzeko –merkatari, langile eta kontsumitzaileak–. Plataformaren ikurra eramanez edo saltokiaren atean jarrita «denda adeitsua» dela adieraziko dute.