@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Hizkuntza eskubideak aztergai Euskaltzaindiaren bilkuran

Hizkuntza eskubideak izan dira aztergai Euskaltzaindiak Iruñean burutu duen bileran. Bermatuak izateko oraindik bide luzea egin behar dela agerian gedltu da ponentzietan azaldu dutenaren arabera.

Iruñeko Baluarten egin du Euskaltzaindiak bilkura. (Iñigo URIZ/FOKU)
Iruñeko Baluarten egin du Euskaltzaindiak bilkura. (Iñigo URIZ/FOKU)

Nafarroan eta EAEn bi eredu desberdin hautatu ziren hizkuntza eskubidee dagokionean. EAEn ez zen lurraldea kontuan izan eta egun herritarrek eskubide berak dituzte Abaltzisketan, Zallan edo Guardian bizi badira ere. Nafarroan, berriz, zonifikazioa ezarri zen eta Tuteran bizi direnek eta Beran etxea dutenek ez dira berdinak alor honi dagokionean.

Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Saliburuordetzaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanok eta Nafarroako Euskarabdeko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik azaldu dituzte bi administrazioetan bizi diren egoerak.

Lozanoren arabera, asko aurreratu da azken urteotan. Honekin batera, hizkuntza eskubideak herritarrei dagozkiela eta administraziori horri erantzutea dagokiola nabarmendu zuen. Eman zituen datuen arabera, egun Lakuako administrazioko langileen %70a euskal hiztuna da, 1990an kopurua %23,5ekoa zelarik. Ertzaintzaren azken promozioan hautagaien %98a zen euskaraz (maila desberdinetan aritzeko gai). «Hau ez da beti horrela eta aurera egin dugu», azaldu zuen.
Izan ere, administrazioan arnasgune funtzionalak sortzearen alde azaldu zen. Gauzak aurrera egin badute ere, oraindik gabeziak badaudela onartu du.

Nafarroan egoera desberdina da eta zonifikazioa gainditzea helburu bezala aipatu du Arregik. Honekin batera, Nafarroan hizkuntzaren normalizazioarako kontsentsu politikorik ez dagoela jarri zuen mahai gainean. Zonifikazioa eskubideak mugatzeko erabili izan da, nahiz eta toki administrazioek hori gainditzeko lan egiten dute, ordenantzak onartuz adibidez. Honez gain, Vascuencearen Legea politika murritzaileak egiteko baliatu izan da.

Egoera hori hein handi batean 2015ean aldatu zela nabarmendu du eta aldaketa politikoa ekarri zuen akordio programatikoan euskararen aldeko 19 neurri adostu zirela aipatu du. Horien artean Iruñean kokatzen diren eta herrialde osoan eragin duten zerbitzu zentraletako egoera aldatu da. Honekin batera, aspaldiko partez, euskararentzat baliabide ekonomikoak jarri zirela gogoratu zuen.

Kontsentsu politiko falta horrek aurrerapausuak zapuztu ditzazkela adierazi du, egun dauden oposizioko kideek ez baitute bat egiten euskararen aldeko politikekin. Are gehiago euskararen normalizazioa inposaketa bezala aurkezten duten mezuak zabaltzen ari dira. Nafarroako biztanlearen erdia euskararen kontrako jarrera horien alde kokatzen dela nabarmendu zuen.