Asier Aiestaran

Murtziarrek garaipenik gabe utzi dute Pello Bilbao

Luis Leon Sanchez eta Alejandro Valverderen arteko elkarlanak eragotzi dio Pello Bilbaori Murtziako itzulia irabaztea. Sanchezek irabazi ditu bigarren etapa eta itzulia, eta gernikarrak hirugarren amaitu du lasterketa.

Sanchez, Valverde eta Bilbao, sari banaketan (‪@VueltaMurcia‬)
Sanchez, Valverde eta Bilbao, sari banaketan (‪@VueltaMurcia‬)

Aurreneko etapa irabazi ostean, aukera ederra zuen Pello Bilbaok Murtziako itzulia bereganatzeko, baina etxeko bi izar handien arteko elkarlanak eragotzi dio gernikarrari lehen postuan amaitzea.

Etapa bizia eta mugitua izan da bigarrena, Beniel eta Murtzia artean 180 kilometro, eta lasterketa Cresta del Gallo izeneko mendatean erabaki da, helmugatik hamabi kilometrora. Alejandro Valverdek (Movistar) eraso gogorra jo du bertan, eta Luis Leon Sanchez (Astana) Pello Bilbaoren taldekidea izan da haren erritmoari eutsi ahal izan dion bakarra.

Are gehiago, goraka metro batzuk galdu ditu iazko garaileak, baina beheraka harrapatu egin du munduko txapelduna eta biak batera elkarlanean iritsi dira helmugara. Sanchezek bazekien liderraren maillota beretzat izango zela, eta Valverdek etapa irabazteko esperantza izango zuen agian, baina azkenean etapa garaipena ere Astanakoarentzat izan da.

Bilbao bigarren multzoan sartu da 13 segundora Oscar Rodriguez (Murias), Matteo Trentin (Mitchelton), Patrick Konrad (Bora) eta Jose Herradarekin (Cofidis) batera, eta azkenean hirugarren postuan amaitu du itzulia, irabazlearengandik hamar segundora. Omar Fraile bosgarren geratu da eta Rodriguez bederatzigarren.

Gorkak lider jarraitzen du

La Provence Tourrean, aldiz, Gorka Izagirrek (Astana) lider jarraitzen du. Ormaiztegikoa bosgarren izan da Philippe Gilbert belgiarrak (Quick Step) irabazi duen hirugarren etapan, eta sailkapen nagusian bi segundoko abantailari eusten dio Thibaut Pinot (FDJ) eta Tony Gallopin (Ag2r) frantziarrekiko. Itzulia igandean amaitzen da.