Maite Ubiria

Atomik Tour ekimenak etapa bat eginen du Baionan

Meuse frantses departamenduko herritarrek hondakin nuklearren arriskua salatzeko emandako borrokaren testuinguruan sortu zen Atomik Tour izeneko ekimena. Iragan urtarrilean hasi eta agorrila bitartean orotara 50 etapa eginen dituzte bost lagunek «borroken arteko elkartasunari» gorazarre eginez. Birako 17. etapa Baionan iraganen da aste hondarrean.

Lurrikara izan da gaur Blayeko zentraletik 20 bat kilometrora. (@greenpeace-france)
Lurrikara izan da gaur Blayeko zentraletik 20 bat kilometrora. (@greenpeace-france)

Furgoneta-Karabana eta kiosko informatibo bat. Horiek dira energia nuklearraren aurkako Bure eskualdeko militanteek baliatzen dituzten tresnak. Zortzi hilabetez 50 bat etapa betetzeko asmoa dute, tokiko eragileen laguntzaz, mota ezberdinetako ekimenak antolatuz.

Beraien kezka, energia nuklearrari buruz maiz ematen den «debate murritza». Energia mota honen ekoizpenak sortzen dituen hondakinen arazotik haratago, eredu atomikoa bere osotasunean auzian emateko sortu zen Atomik Tour ekimena. Zehazki, energia nuklearraren aurkako ekintzaileak bihar eta larunbata bitartean izanen dira Baionan. ( Hemen egitaraua )

Blayeko zentralaren inguruan lurra dardar

Aste hasieran Bordelera heldu zen bira, Ipar Euskal Herritik  hurbilen dagoen Blaye-ko zentral nuklearraren geroari buruz eztabaida sustatzeko asmoz. Hain zuzen ere, tourrean parte hartzen duten lagunak Baionako bidea hartzear zirelarik heldu zen albiste kezkagarria.

Atzo, Girondako eskualdean, sismografoek lurrikara bat erregistratu zuten eta horren ondotik Greenpeace-Francek berriz ere Blayeko zentralaren segurtasun-auzia mahaigainean jarri zuen.

Talde ekologistak oroitarazi zuenez, EDF konpainiak ez du inolako erabakirik hartu Fukushimako zentralaren eztandaren ondorioz nazioarte mailan onartu ziren arauak Frantziako azpiegitura nuklear zaharrenetarikoen zerrendan aspalditik sartu zen Blayeko zentralean indarrean jartzeko.