@gara_mjauregi

Rock and rollaren gaineko inoizko erakusketarik handiena ireki dute New Yorkeko METen

‘Jo ozenago: rock and rollaren instrumentuak’ izenburupean, New Yorkeko Metropolitan Museoak (MET) azken zortzi hamarkadetako rock musikari handienetakoen 130etik gora instrumentu bildu ditu. Hilaren 8an zabaldu zituen ateak erakusketak eta interes handia piztu du. Erakusgai daude, besteak beste, Elvis Presley, Jimi Hendrix, Joan Jett, Eric Clapton, Patti Smith, Jimmy Page edota Chuck Berryren lanabesak.

Erakusketako gitarretako bi. (Don EMMERET/AFP)
Erakusketako gitarretako bi. (Don EMMERET/AFP)

Rock and rollari inoiz eskaini zaion erakusketarik handienekotzat jo dute eta urriaren lehenera arte egongo da zabalik –luzatu ezean– New Yorkeko Metropolitan Museoan. 130 instrumentutik gora dira, generoaren 80 izen handienetakoen eskuetan ibilitakoak. «Artelanak dira, azken batean. Garai oso baten berrikuntza, esperimentazioa, pasioa eta errebolta erakusten dute», adierazi zuen erakusketaren aurkezpenean METeko zuzendari Max Holleinek gitarra, piano, bateria, saxofoi eta gainerakoei buruz. Horietako asko, oso ikonikoak.

Ateak astebete beranduago ireki zituen arren, ‘Jo ozenago: rock and rollaren instrumentuak’ erakusketak hilaren 1ean egin zuen aurkezpen jaia. METeko galeriatan ez ohiko protagonistak ibili ziren egun hartan, musikari distiratsuak: Don Felder (The Eagles), Jimmy Page (Led Zeppelin), Steve Miller, Tina Weymouth (Talking Heads)... Felderrek, gainera, doinua ere jarri zion agerraldiari: bere taldearen kantu ezagunen eta kasik ereserki ‘Hotel California’ren soloa jo zuen bi mastileko Gibsonarekin, bertaratutakoen gozamenerako. Gitarra hori da, hain justu, erakusketako izarretako bat.

Jimmy Pagek ere hartu zuen hitza eta, umorez, halako ekimen batek beretzat zein pisu duen definitu zuen: «Sekula halakorik ikusiko nuenik ez nukeen amestuko, batik bat gitarra eskolara eramaten nuenean irakasleek kendu egiten zidatela kontuan hartuta». Gitarrak eta rockak bere bizitzan zer bilakaera izan duten ere adierazi zuen musikari ingelesak –«denborapasa izatetik, bizimodu bilakatzera»–, eta honako esaldiarekin biribildu bere sentipena: «Nik hura baino, uste dut gitarrak hautatu ninduela ni».

Weymouthek, bere Steinberger baxuaz gainera, hitzok ere utzi zizkion METen ekimen berritzaileari: «Ikasle nintzenean METera etortzen nintzen estatuak ikustera; ezingo nuen imajinatu, egun batez, nire gitarrarik maiteenak Egiptoko sarkofagoen alboan jarriko zituztenik erakusgai. Ez dut ukatuko: harrigarria egiten zait».

Steve Millerrek mahai gainean jarri zuen «zein zaila» egiten zaien musikariei beren instrumentuetatik banantzea, eta erakusketak emakumeak ahantzi ez izana bereziki nabarmendu zuen: han dira, Weymouthenaz aparte, Joni Mitchell, Joan Jett, Patti Smith, Wanda Jackson edota Lady Gagaren lanabesak, besteak beste. Jettena, adibidez, ‘I love Rock ‘n’ Roll’ abestia grabatzeko baliatu zuen gitarra da, lelo feministadun pegatinez josia.

Harribitxiak

Gibson hori da erakusketako ederrenetako bat, baina harribitxi franko biltzen ditu: Princeren gitarra berezia, bere maitasunaren sinboloaren formaduna; Paul Stanleyren Ibanez kuriosoa, ispilu baten kristal zatiekin estalia; Pete Townshend (The Who), Jimi Hendrixen eta Kurt Cobainen (Nirvana) ale bana, kontzertuetan kolpatu eta hautsitakoak (eta Hendrixen kasuan, Monterreyko 67ko emanaldi sonatuan, su emandakoa); Keith Richardesek (The Rolling Stones) errotulagailuz «eta azidoz» dekoratutako Les Paul beltza; Pagen bi mastileko Gibsona; Lady Gagak ‘ARTPOP’ aurkezteko erabili zuen piano ikusgarria; Eric Claptonen ‘Blackie’ izeneko gitarra, berak eraikia; Ringo Starren (The Beatles) estreinako bateria; Metallica eta The Whoren set osoak, bateriak barne; Bob Dylanen eta Bruce Springsteenen Fenderrak; Eddie Van Halenen ‘Frankenstrat’ ikonikoa...

Millerrek berak azaldu zuen gisara, erakusketa aurrenekoz osaturik ikusi zuenean, «ez dituzu izen bat eta gitarra bat ikusten; jende horren guztiaren presentzia somatzen duzu, musikari handiak, artistak, lehenengoz modu serio batean bildurik».

Erakusketa osoaren abiapuntuan, ordea, izen bat dago: Chuck Berryrena, rock and rollaren aitapontekoarena. ‘Johnny B Goode’ ereserkia grabatu zuen Gibsonak eta John Lennon zenak Berryri buruz egindako adierazpen batek ematen dio ongietorria bisitariari: «Rock and rollari beste izen bat jarri beharko bazenio, Chuck Berryrena aukera zenezake». Lehen urrats horretik aurrera, izar zerrenda amaitezinarekin egingo du topo.

Aurkezpen ekitaldi hartan Max Holleinek METen azken ekimen honen zergatia azaltzeko erabili zuen esaldiak laburbildu dezake ezin egokiago bere funtsa: «Rocka XX. mendeko mugimendu artistiko esanguratsuena da. Musika eta kultura eraldatu zituen, baita gure bizitzak ere».