NAIZ

Ezkerraldea martxan da berriz, langabezia, prekarietatea eta bazterkeriaren aurka

Datu oso larriak jarri ditu mahai gainean gaur 26. edizioa duen Ezkerraldearen aldeko Ibilaldiak: 17.600 langabetu, horietatik %74a inolako laguntzarik gabe, lanaldi partzialeko kontratuen %78a emakumezkoen esku... Sestaotik abiatu dira, Santurtzira heltzeko.

Arazo ugari biltzen ditu ibilaldi honek, Ezkerraldean larriagoak direla gogora ekarriz. (BERRI-OTXOAK)
Arazo ugari biltzen ditu ibilaldi honek, Ezkerraldean larriagoak direla gogora ekarriz. (BERRI-OTXOAK)

Ezkerraldeko kolektibo ugarik, arlo ezberdinetakoak, antolatzen du ibilaldi hau, eskualdeak jasaten dituen pobreziari eta langabeziari aurre egiteko asmoz. Datuek gordin adierazten dute. Batzuk aipatzearren, 17.600 lagun langabezian da eskualdean, biztanleria aktiboaren %16a; horietatik %74ak ez du inolako langabezia-sorospenik; 25.000 familia inguruk Caritas, Gurutze Gorria, Elikagai Bankua eta abarren laguntza behar du, bizirauteko; eta astero zazpi familia etxerik gabe gelditzen da Ezkerraldean.

Prekarietateak bereziki emakumeak kolpatzen ditu. Antolatzaileek nabarmentzen dutenez, zerbitzu sektoreko langileen %84a emakumeak dira, eta lanaldi partzialeko kontratuen %78a hauek betetzen dute. Beste arrazoi batzuk tarteko, emakumeen soldata gizonezkoena baina %26a txikiagoa da Ezkerraldean.

«Egoera hauek ez dira berez sortzen –ekarri dute gogora ibilaldi honen adierazpenean–. Administrazioek neurriak sustatu dituzte, langileek eta herritar guztiek dituzten lan eskubideak eta eskubide sozialak murrizteari begira. Euskaldeko udalak izan dira lehenengoak murrizketa politika eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatzen».

Gerra-gatazketatik ihesi datozen etorkinen egoera ez dute ahaztu. Eta aurreko datu guztiak gastu militarrerako diru kopuruarekin alderatu dituzte, lotsagarria dela nabarmentzeko: 31.000 milioi euro horiekin, herritar bakoitzak 700 euro jaso lezakeela aipatu dute antolatzaileek.

Sestaoko Kasko plazatik abiatu da martxa honen 26. edizioa. Ehunka lagun biltzen ari da ibilbidean eta Santurtzin amaituko dute bidea.