Maider IANTZI
DONOSTIA

Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileek bederatzi hilabete daramate greban

Bederatzi hilabete daramate greban Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileak, soldata arrakala amai dadin. Atzotik bihar arte Donostiako Bulebarren daude kanpaldian, bizi dutena partekatzen eta justua dena eskatzen.

Garbitzaileak Donostiako Bulebarren daude kanpatuta. Kanpaldiak elkar ezagutzeko aukera eman die Gipuzkoan sakabanatuta dauden langileei. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Garbitzaileak Donostiako Bulebarren daude kanpatuta. Kanpaldiak elkar ezagutzeko aukera eman die Gipuzkoan sakabanatuta dauden langileei. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Txandaka antolatu dira Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileak, Donostiako Bulebarren muntatu duten kanpaldian beti jendea egon dadin. Egia erran, atzo kanpatu zutenetik ez zaie lagunik falta: kelly baten bisita izan dute, kale garbitzaileena, Ubik liburutegiko langileena, zahar etxeetakoena... Prekaritatearen kontra borrokan ari diren kolektiboak denak.

Baina eurena Gipuzkoako grebarik luzeenetakoa izaten ari da: bederatzi hilabete, eta horrek bizitzetan dakartzan ondorioez gutxi mintzatzen bada ere, ez da batere erraza hainbertze denbora borrokan irautea. Langileek kontatu digutenez, fase desberdinak pasatzen dituzte, urtaro desberdinak, eta batak bertzea animatuz egiten dute aurrera, baita ELAren erresistentzia kutxari esker ere.

ELAz gain, ESK, LAB eta UGTk ere babesten dituzte greba eta hilabeteotan guztiotan egin dituzten mota guztietako mobilizazioak. Batez ere emakumez osatutako 80 langileko kolektibo honen aldarrikapena argia da: soldata arrakala amaitzea. Izan ere, gehienbat gizonak diren kale garbitzaileekin alderatuta, %7ko soldata arrakala dute epaitegietan eta %13koa, komisaldegietan.

Garbialdi enpresarentzat egiten dute lan, baina azken erantzulea Lakuako Gobernua da, berak esleitu baitizkio Garbialdiri garbiketa zerbitzuak. Langileek salatu dutenez, Lakuako ordezkariak ez dira eurekin bildu ere egin eta arrakala ukatzen dute. «Baina borrokan jarraituko dugu –ziurtatu dute–, ez dagoelako eskakizun zuzenagorik soldata arrakala ezabatzea baino».