naiz

Orain Presoak bizikleta itzuliak Luhuso eta Gernika lotuko ditu uztailaren 19tik 21era

«Elkarbitzaren eta bakearen sinbolo» diren Luhuso eta Gernika batuko ditu Orain Presoak bizikleta itzuliak uztailaren 19tik 21era eginen den Orain Presoak bizikleta itzulian. 80 kilometro inguruko hiru etapa izango ditu itzuliak.

Iaz Orain Presoak itzuliaren lehen edizioa antolatu zuen Sarek. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Iaz Orain Presoak itzuliaren lehen edizioa antolatu zuen Sarek. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Uztailaren 19tik 21era martxan Orain Presoak bizikleta itzulia eginen du Sarek. Luhusoko herrian hasi eta Gernikan amaituko da itzulia, hiru etaparen ostean. «Konponbidean pausoak emateko unea dela uste dugulako, elkarbitzaren eta bakearen sinbolo bilakatu diren bi herri hauek lotu nahi ditugu aldarrikapenez beteriko itzuli batekin».

Hiru etapa izango ditu itzuliak eta gizarteari bertan izena eman eta parte hartzera dei egin diote. Egun bakarra, zatika edota itzuli osoa egin daiteke, eta izena emandako egunetan jateko eta lo egiteko lekua bermatua izango dute parte hartzaileek. Etapa bakoitzeko 20 euro dira eta itzuli osoa egin nahi izanez gero 50 euro.

Itzulia Luhuson abiatuko da uztailaren 19an eta Ezpeleta, Azkain, Urruña, Donibane Lohitzune eta Hendaia lotuko ditu goizean, Irunen bazkaria egiteko. Arratsaldean, berriz, Donostia, Usurbil eta Orio gaindituta, Zarautzen amaituko da etapa.

Biharamunean, Zarautzetik abiatuta, Getaria, Zumaia eta Deba zeharkatuko ditu itzuliak, Elgoibarren indarrak hartzeko. Markinatik, Lekeitioraino iritsiko dira bazkalostean.

Azken etapak, berriz, Lekeitio eta Gernika lotuko ditu, Munitibarreko bidetik. Bertan eginen dute amaiera ekitaldia.

Jakinarazi dutenez, itzulia egin behar duten txirrindulari guztiei motxila eta lo zakua eramango zaie furgonetan. Antolakuntzatik bizikletak konpontzeko materiala ere eramango da eta konponketak egiteko arduradun bat egongo da. Era berean, anbulantzia edota mediku baten presentzia egongo da.

Bestetik, lo egiten geratzen diren guztientzako lekua izanen da, baina lo zakua eramatea gomendatu du Sarek. Itzuliaren ibilbidea dela eta errepideko bizikleta eramatea eta egoera fisiko ona izatea eskatu dute.