naiz

Elkarretaratzeak egingo dituzte herri eta hiritan Urruñako erailketa matxista salatzeko

Emakumeen Mundu Martxak bihar, ekainaren 21ean, Urruña eta Hego Euskal Herriko hiribuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Era berean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien «ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa» dela nabarmendu du

Urruñan asteartean izan zen erailketa matxista salatzeko hainbat elkarretaratze egingo dira bihar. Besteak beste, Urruñan bertan, 18:30ean, Herriko Etxearen aintzinean egingo dute, Bilbon 19:30 Arriagan, Iruñean 20:00etan Udal plazan, Donostian 18:30ean Bulebarrean eta Gasteizen 19:00 Korreos plazan.

EHko Emakumeen Mundu Martxak azken urteetako lana azpimarratu du. «Mugimendu Feministak lan kolosala egin du indarkeria matxistari hitzak jartzen eta jendartea sentsibilizatzen. Hala zabaldu dugu emakumeon aurkako indarkeriak ez duela mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna baita, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna», ekarri du gogora.

Erailketa hauek «modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak» ez direla azpimarratu dute. «Gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman». Honen aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien «ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa» dela nabarmendu dute ohar baten bidez. «Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira. Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da», adierazi dute.

Zentzu horretan, Emakumeen Mundu Martxak bihar, ekainaren 21ean, egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. «Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak».