Ion SALGADO
Amurrio

Araban euskara ‘Darabagu’

Aresketa ikastolako ordezkariek aurkeztu dute gaur arratsaldean Amurrioko erdigunean datorren urteko Araba Euskarazeko leloa: ‘Darabagu’.

Araba Euskaraz 2020ko edizioaren leloa eta logoa. (@arabaeuskaraz)
Araba Euskaraz 2020ko edizioaren leloa eta logoa. (@arabaeuskaraz)

‘Darabagu’. Hauxe izango da datorren urteko Araba Euskarazeko leloa. Hala iragarri dute gaur arratsaldean Amurrion izan den prentsaurrekoan. Eneko Aldai Aresketa Ikastolako ikasle baten aitak azaldu duenez, «asmatutako aditza da», adierazten duena Araban euskara bizirik dagoela, aurrera egiten duela. Araban «darabagula» euskara.

Leloa eta logoaren aurkezpenena San Anton enparantzan izan da, bertan bildu dira helduak eta gazteak, gurasoak eta ikasleak, denok batu dira Araba Euskarazeko lekukoari ongi etorria emateko. Ondoren, kalejiran joan dira Juan de Urria enparantzara, eta mosaiko erraldoi bat osatu dute.

Arabako ikastolen jaia Amurriora itzuliko da ekainean zazpi urte geroago, 2013an ‘Mihian kili-kili, euskaraz ibili’ lelopean ospatu baitzen Amurrion. Aurten Armentia ikastolak antolatu du Araba Euskaraz Gasteizen, eta arduradunek ohar batean nabarmendu zutenez helburuak bete ziren.

«Primerako eguraldia lagun, jai giro alai eta paregabea izan dugu egun osoan zehar Gasteizen, Araba Euskaraz jaian. Egun honetarako Armentia ikastolak jarritako helburuak bete egin dira, eta emaitza guztiak jakiteko egun batzuk beharko diren arren, oso pozik dago egunak eman duenarekin», adierazi zuten, eta eskerrak eman zizkieten herritarrei.

«Armentia ikastolak eskerrak eman nahi dizkie Araba Euskarazera gerturatu diren ikastolazale guztiei. Eskerrak, bihotzez, baita ere, jai handi hau handiago egin duten boluntario guztiei, Armentia ikastolako guraso, irakasle, ikasle eta langileei, zein beste ikastoletakoei eta Gasteizko askotariko elkarte eta herritarrei».