Ion SALGADO

Gasteizko mugimendu feministak jaietan eraso matxistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu du

Gasteizko mugimendu feministak Andre Mari Zuriaren jaietan eraso matxistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu du. Erasoen aurrean erantzuteko autodefentsa feministaren aldarria zabaldu nahi dute.

Protokoloa aurkezteko egindako agerraldia. (NAIZ)
Protokoloa aurkezteko egindako agerraldia. (NAIZ)

Gasteizko mugimendu feministak eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu du gaur goizean, Andre Mari Zuriaren jaiak hasteko hamasei egun falta direnean, «sexismoa jaien gozamenerako eta elkarbizitzarako oztopo eta problematika handienetako bat» dela ulertzen baitu.

«Argi daukagu eraso sexisten aurkako borroka egunero landu beharra dagoela. Hala ere, azken urteotan jaietan lanketa zehatza egiteko beharra ikusi dugu. Jendarte patriarkal eta kapitalista batean bizi garen heinean, jaiak balore horiek erreproduzitzeko espazio bilakatzen dira. Egun indarrean dagoen jai ereduak jarrera zapaltzaileak biderkatu eta legitimatzen ditu», azaldu dute, eta «gutxiengo baten gozamenerako diseinatuta» dagoela salatu dute.

«Zapalduta gauden subjektuok gozamen horren tresna baino ez gara, gure kontrako erasoak joko bilakatzen baitira sarri. Horren adibide dira gure hirian hain ezaguna den 'tetatina' edota sinbolo zein jai giroko abesti matxistak», gaineratu dute.

Honi aurre egiteko, beharrezkotzat jotzen dute hiru helburu dituen protokolo bat abiaraztea: «Jendartean gaiaren inguruko kontzientziazioa lantzea eta erasoen kontra egitea guztion ardura eta konpromisoa dela ulertaraztea; eraso baten aurrean ikuspegi feministatik erantzuteko hainbat neurri zehatz martxan jartzea; eta bollera, trans eta emakumeok jaietan subjektu aktibo bilakatu eta erasoen aurrean erantzuteko autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea».

Espazio seguruak

Azaldu dutenaren arabera, mugimendu feministaren nahia «pertsonek harremanak modu seguru, horizontal eta askean izango dituzten espazioak sortzea da, euren genero, sexu aukera, itxura eta estetika edozein izanda ere».

«Espazio horiek bermatu ahal izateko, gure esku daukagu autodefentsa feminista. Honek, biolentziaren errora jo eta indarkeria matxistekin amaitzeko tresna, jarrera eta erreakzio guztiak barnebiltzen ditu. Lan honetan ezinbesteko elementuak izango dira autoestimua, emozioak, horizontaltasuna eta emakume bollera eta transen arteko elkartasuna», azpimarratu dute.

Amaitzeko, Gasteizko mugimendu feministak telefono zenbaki bat abiarazi duela gogoratu dute, «jaietan eman daitezkeen erasoei erantzuteko eta erasoak jasan dituztenei laguntzeko». Jaiek dirauten bitartean telefonoa 24 orduz aktibo egongo da (688 744 411). Eta erasorik gertatzen bada, publikoki salatzeko elkarretaratze bat deituko da biharamunean. Dena den, deialdia ez da egoera guztietan egingo, kasuz kasu baizik.