naiz

40 gradu inguruko tenperaturak izanen ditugu Euskal Herri osoan

Beroa izango da gaurko protagonista. Atzoko tankeran, tenperaturak oso goian mantenduko dira, baina ekaitzetarako joera gutxitu egingo da barnealdean ere. Iluntzerako ipar-ekialdetik sartuko da haizea kostaldean, giroa pixka bat goxatuaz. Barnealdean berotzar galanta mantenduko da.

Beroari aurre egiteko hondartza aukera bikaina da. (Gorka RUBIO / FOKU)
Beroari aurre egiteko hondartza aukera bikaina da. (Gorka RUBIO / FOKU)

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astearte honetan, hegoaldeko haizea indartu egingo da eta bero itogarria egingo du nonahi: tenperatura maximoak 35-40 gradu artekoak izango dira. Arratsaldean, kostaldean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du bat-batean, bolada gogorrekin eta orduan tenperaturak behera egingo du; kantauri isurialdeko bailaretan haizea beranduago aldatuko da giroa freskatuz, baina haize aldaketa ez da hegoalderaino iritsiko eta bertan bero handia egiten jarraituko du.

Goizean goiz hodei hondarrak geratuko diren arren, giroa eguzkitsua izango da arratsaldera arte, haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egiten duenean behe hodeiak sartuko dira itsasotik ipar partera; hegoaldean berriz, bero hodeiak garatuko dira eta baliteke han-hemenka trumoiak lehertzea.

Hiriburuetan, Bilbon 21 gradu espero dira gutxienez eta 40 gehienez, Donostian 20 gutxienez eta 38 gehienez, Gasteizen 17 gutxienez eta 38 gehienez, eta Iruñean 20 gutxienez eta 40 gehienez.

Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin eta arratsaldean zehar mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da 4-5eko indarrarekin; itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean itsaskia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bete inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 07:25ean eta 19:43ean izango dira, eta itsasbehera 13:32an. Uraren tenperatura 23 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Pirinio Atlantikoetako departamenduan ere alerta laranja ezarri dute tenperatura altuengatik. Ipar Euskal Herrian, Donibane Garazin eta Maulen 40 gradu artekoak aurreikusi ditu Meteo Francek eta Baionan 38 gradu artekoak.