NAIZ

Koldarrak antzerki taldea eta Txintxarri taldea irabazle Azkoitiko film laburren lehiaketan

Koldarrak antzerki taldearen ‘Axolagabetasuna’ film laburrak irabazi du Azkoitiko Andramaixetako jaietako IX. Film Laburren Lehiaketako epaimahaiaren saria.

Publikoaren saria, berriz, Txintxarri lokaleko kideek eskuratu dute ‘Beldur handitan’ lanarekin.

Beldurra izan da aurten aurkeztutako proiektuak landu beharreko gaia. Epaimahaiak ’Axolagabetasuna’ lanean mezua zabaltzeko hautatu duten bidea saritu du. Adin desberdineko pertsonek parte hartu izana ere baloratu du. Koldo Camposena da gidoia eta bera aritu da zuzendari lanetan. Rocio del Castillok alor teknikoaren ardura izan du eta aktore lanetan, haien alabak eta ezagunen seme-alabak aritu dira. Guztira, bost gazte. Ez da Camposek jaso duen lehen saria, 2012. urtean bigarren saria ere irabazi baitzuen.

Txintxarri Lokaleko koadrilari dagokionez, ia 40 kidez osatutako taldeak ia urtero parte hartu du lehiaketan eta denak dira, modu batera edo bestera, film laburraren partaide.

Azkoitiko plaza bete egin zen aurtengo film partehartzaileak ikusteko. Hamar taldek eman zuten izena lehiaketan baina bost lan aurkeztu dituzte herritarrek azkenean eta horiek ikusi ziren emanaldian.

Talde irabazleak 250 euro eta oroigarria jaso du eta publikoaren saridunak 150 euro eta oroigarria.