NAIZ
Ainsa

Hartz esloveniarren aurka eta abeltzaintzaren alde, Huescan

Pirinioez bestaldeko plataformak deituta eta Euskal Herriko, Estatu espainol zein frantseseko zenbait eragile eta sindikatu abeltzainen babesarekin, hainbat pertsona manifestatu dira Huescako Ainsa herrian. Pirinioetan libre utzi nahi dituzten hartz esloveniarren aurka agertu dira, honek abeltzaintzari galerak eragiten dizkiolakoan.

Larraine eremuko artaldea bazkatzera irteten, Orhi mendiaren magalean. (Gaizka IROZ /AFP)
Larraine eremuko artaldea bazkatzera irteten, Orhi mendiaren magalean. (Gaizka IROZ /AFP)

Huescako Ainsa herrian manifestazioa egin dute Pirinioetan hartz esloveniarrak ezartzeko neurriaren aurka. Pirinioez bestaldeko plataforma batek egin zuen deialdia eta hainbat eragilek eta sindikatu abeltzainek babestu dute; besteak beste, Nafarroako EHNE eta UAG sindikatuek, edo-eta Estatu frantseseko nekazari gazteen mugimenduak eta Nekazarien sindikatuen Federazioak.

«Hartz erasokorrak Pirinioetatik bidaltzeko eskatzen dugu», adierazi du UAG-eko presidente Felix Bariainek. Kexa hauen arrazoia defendatzeko azaldu du hartutako erabaki honekin ez dutela «kontuan hartu herri eta artzainen bizitza». 

«Hartzak, landa eremuko mundu eta abeltzaintza estentsiboaren hondamendi» eta «Hartzik gabe, Pirinioetan segurtasun gehiago» bezalako lemak aldarrikatu dituzte pankarta batzuen bitartez.

Desagertze arriskuan dauden hartzak berrezartzeko erabakia 1996an hartu zen eta artzainak kexu dira ardien kontrako erasoengatik. Azken hilabeteetan gainera, kritika guztiak bi hartz konkretuetan zentratu dira: Goia eta Claverinan. Azken hau, iparraldeko lurretan utzi zuten eta Nafarroako Uztarrotze herriko eremuetan ardi bat hil zuen pasa den maiatzen.

Elkarbizitzeko zailtasunak

«Artaldeen kudeaketan eta artzainen lanetan buruhauste franko ekarri ditu eta ezin dugu horrelako jokabiderik onartu», azpimarratu du EHNE Nafarroak. Gaineratu du «beti babestu dugun» abeltzaintza dagoela jokoan, «paisaia sortu duen eredua, bioaniztasuna eta herrietako bizimodua bultzatzen dituen eredua; aldi berean, administrazioen eta kontsumitzaileen babesa beharrezko duen eredua».

Bestalde, Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek defendatzen dute posible dela hartz eta abeltzaintzaren arteko elkarbizitza. «Hartzak ez ditu sortu Pirinioetako abeltzaintza estentsiboak egun dituen errentagarritasun arazoak», adierazi dute eta, elkarbizitzarako, abeltzaintza sektorearekin hitzarmen bat sinatzearen proposamena luzatu dute.