NAIZ

Bere kantu polemikoenak abestu ditu C. Tanganak, baina areto pribatu batean

Elkarte feministen presioaren ondorioz Bilboko Udalak C. Tangana Aste Nagusiko karteletik kentzea erabaki ostean, Boluetara eraman zituen atzo rap abeslari madrildarrak bere emanaldiak. Letra matxistak dituzten kantuak ez zituen bazterrean utzi.

Batez ere jende gaztea bildu zuen madrildarraren kontzertuak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Batez ere jende gaztea bildu zuen madrildarraren kontzertuak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Doan eta mintzatzeko gogo gutxirekin igo da eszenatokira azkenenean C. Tangana abeslari madrildarra. Bilboko Aste Nagusiko kartel ofizialaren baitan zen abestekoa, baina bere abestien bidez ematen duen emakumearen irudi iraingarria tarteko elkarte feministek kontzertua bertan-behera uzteko exijitu zioten Udalari eta, gizartearen presioa tarteko, honek amore eman eta hala egin zuen.

«Zentsura instituzionala» pairatzen ari dela iritzi eta kontzertua areto pribatu batean, Boluetako Santana 27 aretoan, eta doan eskainiko zuela jakinarazi zuen orduan rap abeslariak. Eskuragarri jarritako 1.500 sarrerak «berehala» agortu zirenez, egun berean bi kontzertu eskaintzea erabaki zuen. Guztira, 3.000 pertsona, batez ere gazteak, bildu zituen atzo Santana aretoan (orohar, 25.000 pertsona biltzen dituzte gisa honetako kontzertuek).

«Ez dut askorik esan nahi»

C. Tanganaren letrek 22.00ak pasata hartu zuten aretoa, baina madrildarrak ez zuen hitz askorik izan Boluetara eraman zuen egoeraz mintzatzeko. «Ez dut gauza askorik esan nahi. Mila esker hor egoteagatik… eta goazen dantzatzera!», esan zuen bertan bildutakoen aurrean.

Hori bai, bere errepertorioan ez ziren falta izan Aste Nagusiko karteletik kentzeko motibazio izan ziren kantu matxistak, ‘Fácil’ esaterako, non «hago que tu puta se empache, hago que se calle y se agache» gisako esaldiak biltzen dituen.