‘Bilbao Metropoli 30-30-30’, hirigunearen eraldaketari buruzko erakusketa

Date

12.06.23 - 15.10.23

Lieu

Bizkaia - Bilbo

‘Bilbao Metropoli 30-30-30’ erakusketaren aurkezpena.
‘Bilbao Metropoli 30-30-30’ erakusketaren aurkezpena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

‘Bilbao Metropoli 30-30-30’ erakusketa aurkeztu dute astelehen honetan Bilboko Arte Ederren Museoan. Corinne Vionnetek (Valais, Suitza, 1969), Vanessa Winshipek (Barton-upon-Humber, Erresuma Batua, 1960) eta Maria Azkaratek (Gasteiz, 1977) 2022an egindako 78 argazkiz (23, 32 eta 23, hurrenez hurren) osatutua da. Ikuspuntu eta interes ezberdinetatik, Bilbo hiriak eta bere metropoli-eremuak azken hiru hamarkadetan izandako aldaketak erakusten dituzte.

Bilbao Metropoli-30 elkartearen enkargutik sortu da proiektua, eta itsasadarraren hiri-ardatzaren eta bertako biztanleen fisonomia irudikatzeko duela 30 urte elkarteak berak bultzatu zuen ekimena berrargitaratzen du.

Orduko hartan, eta orain bezala, Ramon Esparzaren komisariotzarekin (Komunikazio Zientzietan doktorea, arte kritikaria eta argazkigintzan aditua), nazioarteko sei argazkilari gonbidatu zituzten –Gabriele Basilico, John Vink, Bruce Gilden, Carlos Canovas, John Davies eta Carlos de Andres–, eta haien lana 86 argazkitan gauzatu zen. Argazki horiek liburu batean erreproduzitu eta zenbait egoitzatan erakutsi ziren 1993an, ‘Ría de Hierro’ izenarekin. Multzoa museoari eman zitzaion 1997an.

Azaldu dutenez, orduan, industria eta ekonomia loraldiko garai baten amaiera kritikoaren paisaia hiritar eta gizatiarrean, baita desagertzear zegoen Bilboko iruditeriaren ikonoetan ere zentratu zen lana: meatze-ustiapenak, trenbideak, portu-instalazioak, labe garaiak, garabiak, pabiloiak eta fabrikak, ontziolak eta gabarrak, burdinurtuaren isurketen kea, beti zuri-beltzean eta, artean, kamera analogikoarekin.

Oraingo honetan, hiru emakume argazkilari dira mission photographique haren izpirituari berriro heldu diotenak, azken hogeita hamar urteetan lurralde berean izandako aldaketak islatzeko. Hiri eta giza paisaiei gehitu behar zaie orain –Esparzak proiektuarekin batera doan liburuan azaltzen duen bezala–, «hirugarren paisaia, industria-aurriaren eta eszenatokiaren alderdi estetiko gisa duen potentzialtasunaren onarpenarena».

Artisten ikuspuntua

Vanessa Winshipek ikuspegi poetikoago batetik heltzen dio bere lanari; espazioak eta agertokiak despertsonalizatzen ditu, geruza dokumentala mugatzeko eta osagai sinbolikoa eta emozionala nagusi diren irudi zehaztugabeak sortzeko.

Corinne Vionnetek, agian, proposamen erradikalena erakusten du ’What to see in Bilbao’ sailean, egon ez den lurralde baten argazkiekin, zeinak azken irudian gainjartzen eta sedimentatzen dituen datu-base publikoetatik abiatuta egindakoak baitira. Bigarren sail batean, ‘Almost there’ izenekoan, enkoadraketen zatiketarekin eta horiek konposizioetan eta gugan, behatzaileengan, duten eraginarekin lan egiten du.

Azkenik, Maria Azkaratek, arkitektoa den aldetik, interesa erakusten du normalean monumentaltzat hartzen ez diren lekuekiko, hiria irakurtzeko beste modu bat azaltzen duten «zirrikituekiko», Esparzaren hitzetan.

Astelehenetik larunbatera 10.00etatik 20.00etara irekita. Igandeetan 10.00etatik 15.00etara. Astearteak itxita. Sarrera librea.

Emplacement

Arte Ederren Bilboko Museoa
Museo Plaza, 2
Bilbo. Bizkaia