Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Infernua paradisuan kokatua baita

Israeldar armadak Palestinan eragindako ekintzetatik datozen irudiak ikusita, adjektibo oro soberan dago, eta Giorgio Agamben filosofoak bere azken liburuan (Ikusi, entzun eta ikasi dudana -2023) esaldiak izaera profetikoa hartzen du. Idazle italiarrak adierazten digun bezala, eliza bateko kanpaiek hitzik gabeko zerbait esaten diguten era bertsuan, hilketa sionisten irudi iraunkor eta zantar bezain likitsek hitz egiten digute eta ideologiak ezkutatzen digun hori ere adierazten digute: bizitzaren munduan munduko bizitza dela jokoan dagoena, alegia.

Agambenen irakurketan, modernitatearen pentsamendu politikoa ezaugarritzen duena Estatu-nazioak duen zentraltasuna da, kaosaren eta eskubiderik ezaren aurrean, hain zuzen ere.

Ildo horretan, badirudi zuzenbide-estatua egoera natural hipotetiko baten berrantolaketa gisa sortzen dela, gizabanakoak itun edo kontratu sozial baten bati (tokian tokiko konstituzioei) emana. Hala ere, hemen mekanismo bitxi bat dago: inklusioaren/bazterketaren egitura delakoa.

Hau da, zuzenbide-estatuak salbuespen-egoeraren irudia barne hartzen du, bere legezkotasunaren barruan bazterkeria-praktikak egin ahal izateko. Horrela, zuzenbide-estatuaren iraupena bermatuko duen botere subirano bat egikaritzeko, botere subirano horrek, egoki iruditzen zaionean, libreki erabil dezake bere zuzenbidea, nahi duena baztertzeko eta, horretan, konstituzio-bermeak bertan behera geratuko dira balizko pertsona harentzat. Horregatik, zenbait gizabanakoren (edo askoren) heriotza eta desagerpena legezko bihurtuko dira eta ordenu legalerako ere justifikatuta geratuko dira.

Gauzak horrela, gizabanakoak eskubiderik gabeko existentzia biologiko huts batera murrizturik geratuko dira, eta haien hilketa ez da delitua izango. Hori hemen bizi izan dugu, eta orain planeta-mailan ikusten ari gara Gazatik telebistan emandako sarraskietan guztietan.

Esku hartze errepresiboaren eredua ez da berria, berez, baina duela gutxi arte pentsaezina zen eskala hartu berri du, eta agerian utzi du honez gero modernitateak asmatutako bizikidetza-ereduaren krisi agerikoa, progresiboa, arriskutsua eta berehalakoa dela.

Baina posible al da autore bat, artista bat, idazle baten bat, hau guztia harrapatzen saiatzea? Agambeni jarraituz, autore batek –hitz hori, jatorrizko termino hori latindar gisa "lekuko" modua ulertzen bada, behintzat– esaten duen guztia formulatu eta definitu behar du praktikara eman ahal izateko. Beraz, bere zeregina bikoitza litzateke. Alde batetik, egungo politikan Estatuko administrazioak hainbat arlotan egindakoari kritika ikusaraztea izango genuke eta, bestetik, bizitza edo politika bezalako funtsezko kontzeptuak berriro pentsatzea ere funtsezkoa litzateke. Honek, jakina, eten egiten du politikaren kategoria klasikoen erabilera, ez kategoria horiek kentzeko, baizik eta orainaldian eta lekukoari dagokion salaketan kokatzeko.

Denok gara estatu sionistaren hilketa praktiken eta mendebaldeko estatuen konplizitateen lekuko. Denok salatu behar dugu.

Eremu guztietan.

Recherche