Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Plagioak aske egingo gaitu?

Nuccio Ordine idazle italiarra hil berri da. Hedabideetan oso ezaguna izanik, bere lanak liburu salduenen artean egon dira maiz eta, gainera, Pamiela argitaletxeak Ordineren "Alferrikakoaren balioa" izeneko saiakera argitaratu du duela gutxi Fernando Reyk euskarara ekarrita.

Halere, haren heriotza dela eta, kaleratu diren obituarioen artean ez diot nik Georges Batailleren izenik aurkitu eta, nire baitan behintzat, Nuccio Ordineren aipatu "Alferrikakoaren balioa" izeneko liburuaren aurrekaria eta «inspirazioa» Bataillengan datza eta, zehatzago, Ordine bera urte bete jaio aurretik argitaratutako "La Littérature et le Mal", liburuan (1957).

Hartan, Bataillek dioenez:

«Kontzientzia besteekiko desberdintasunetik eta hizkuntza konnotatiboarekin funtzionatzen duen arrazoi batetik sortzen da. Horrek animaliengandik bereizten gaitu, baina gure hurkoekiko batasuna eta egiaren nahia bilatzera garamatza».

«Maitasuna eta pentsamendua, beraz, animaltasuna galduz garatzen dira, eta hori da gure ‘zati madarikatua’».

«Hau da, animalia izateari uko egiten diogu, eta horrekin galdu egiten ditugu hurbileko gozamena eta inguratzen gaituen komunitatea».

«Produkzioa eta aurrezkia bilatzen ditugu, etorkizunerako probetxua ateraz, baina gastua, dohaintza edo xahutzea ere bilatzen dugu, gu asetzeko. Gizaki utilitaristak gara, eta bizitzaz gozatzeari utzi diogu».

Alde horretatik, erlijioa, gerra, kirolak, jaiak, jolasak, ikuskizunak edo literatura, esate baterako, alferrikakoak eta beharrezkoak izan dira gizateriaren historiarako. Are gehiago, historia horretan, «alferrikako» gauzak dira, askotan, lanaren, produkzioaren edo arrazoiaren helburua.

Bataillek hitz egiten du, eta ondoren Ondinek idatzi eta bulgarizatu zuena esaten digu. Ez da ideia arraroa, nahiz eta normalean ez den nabarmendu nahi izan, eta irakurle askok irakurri dute lehen aldiz Italiako idazle zenaren testuetan. Hau da, gure nahien kontra eta besteen kontra borrokatzen ez garenean, etorkizunaren alde lan egiten ez dugunean, geure buruaren jabe gara.

Animaliak bihurtzean aske gara, baina, bestalde, gizateria animaltasuna ukatzean sortzen da, nahiz eta galera horrek benetan libre izatea galarazten digun, gure ukazioari lotzen baikaitu. Etorkizuneko heriotzari beldurra izateak eragiten digu geure burua gobernatzea eta gure beldurrezko presoak bizitzen erreprimitzea. Hala ere, betiko geure buruari lotuta ez egoteko, ukapen hori ukatu behar dugu. Nola?, galdetu du Bataillek... Ba hori. Kontua ez da gure portaeretan animalia izatea, ez eta gure senaren esklabo izatea ere, animaltasuna galtzean geure buruari ukatzen dioguna berreskuratzea baizik. Desioen gogobetetasuna berreskuratu eta etorkizuneko helburu baterako bitarteko izateari utzi behar zaio. Jakin behar dugu produkzio-lanak gastu suntsitzailea dakarrela berekin, eta irabaziak eta aurrezkiak aldi berean galtzen eta xahutzen direla. Desioen gogobetetasuna berreskuratu eta etorkizuneko helburu baterako bitarteko izateari utzi behar zaio. Jakin behar dugu produkzio-lanak gastu suntsitzailea dakarrela berekin, eta irabaziak eta aurrezkiak aldi berean galtzen eta xahutzen direla.

Nahi duguna egiten dugunean animalia pixka bat gara, baina gure desioak besteen edo helburu baten mende jartzen ditugunean, gizaki bihurtzen gara... eta beraz, ez hain aske.

Esan beharko genuke animaliak bakarrik direla askeak?

Bada, ez, alderantziz da. Animaliak ezin dira libre izan. Beren mugen mende daude. Gizakiak, mugak jartzean, askatasuna lortzen du.

Eta literatura, erlijioa edo politika?

Hasieratik, erlijioa politikari lotuta zegoen, baita zientziari ere, baina, handik, ekonomia, politika eta pentsamendua aspalditik bereizi ziren. Hala ere, bizitza publikoa desakralizatzeak ezin du ezkutatu erlijio monoteistek gaur egungo bizimoduetan duten garrantzia. Gizarteak arrazionalizatu nahi izan zuen bere burua eta pertsonen gobernua objektuen administrazio huts bihurtu. Irrazionaltasuna galtzearekin batera jolasa, festa, artea edo erotismoa ere galdu ziren... Ugalketari lotuta ez dagoen sexu-jolasa, alegia, galduz joan zen eta, halaber, hizpide bihurtu...

Egia esan, mota horretako sexua oso ondo dago, baina, zoritxarrez, gizarteak maitasuna edo indarkeria bereizketarik gabe egitea du helburu, eta, aldi berean, esparru eta harreman jakin batzuetan soilik egitera behartzen du.

Eros eta Tánatos-i buruzko tabua litzateke, hau da, maitasunari eta heriotzari buruzkoa, giza kulturaren oinarri dena...

Iruditzen zait, dagoeneko, Freud zena plagiatzen hasi naizela... hobeto utziko dut hemen.

Recherche