01 MAI 2018 - 00:00h Entrevue JOSEBA MAKAZAGA ODRIA EHU-KO KONPUTAZIO ZIENTZIA ETA ADIMEN ARTIFIZIALEKO SAILBURU OHIA «Lan espezializatuak ugarituko dira, eta horiek askoz hobeak dira» Egun berezian hartu gaitu Joseba Makazagak (Zarautz, 1966) Ibaetako bulegoan, sailburu kargua utziko duen egunean, hain zuzen. Informatikan doktore eta Adimen Artifizialean adituak arlo honetan hezkuntzak duen garrantzia nabarmentzen du. Iker BIZKARGUENAGA DONOSTIA Adimen artifizialari buruz idatzitako artikulu mordoa irakurrita baina irakurri aurretik bezain ezjakin heldu gara EHUko Informatika Fakultatera, erantzun eske eta argi bila. Nonbaitetik hasi behar eta buruari ez diogu ahalegin handirik eskatu lehen galdera botatzeko. Adimen artifizialaz ari garenean, zertaz ari gara zehazki? Guk gauzak egiteko dugun gaitasuna makinek izateaz ari gara; guk erraz, naturaltasunez, hartzen ditugun erabakiak, egiten ditugun ekintzen atzean dauden arrazoiak makinek modu automatikoan egiteko ahalmenaz. Eta oso gauza orokorra da; tortilla bat egiteko gauza asko egiten ditugu, erabaki asko hartzen ditugu, oso azkar. Inguruko informazioa jasotzen dugu, prozesatu eta erabakiak hartzen ditugu, eta zaila da erabakiak azkar eta ondo hartzea. Horretaz ari gara. Gidatze automatikoa izan daiteke, edo enpresa batean egiten diren ekintzak… alor izugarri handia da. Baina makinek gizakiok dugun gaitasun kognitiboa erabat lortuko dute? Zeren gauza bat da datu mordoa oso azkar prozesatzea, baina kognizio gaitasun hori izango al dute? Baietz uste dut. Noiz? Ez dakit. Baina alor batzuetan dagoeneko oso onak dira. Gu ikasle ginenean xake partidekin ari ziren… hor egoera finitu batzuk ematen dira, oso eremu zabala, ia infinitua izateraino, baina erabakiak hartze hori mugatuta dagoen eremu batean ematen da. Bizitzan mugak askoz zabalagoak dira, daukagun informazioa askoz handiagoa… Hori egitera helduko gara? Makinak gu baino azkarragoak dira eta gaitasun handiagoa dute; beraz, nik uste dut poliki-poliki erabaki horiek hartzera helduko direla. Azkenaldian asko nabarmendu da, adibidez, GO jokoan makina batek munduko jokalari onenari irabazi diola. Xakea aspaldiko gauza da, baina, aldi berean, aipatzen da joko horien arauak aldatuko bagenitu makinek ez luketela zer egin jakingo; hots, inprobisatzeko gaitasun hori ez dutela. Hori ere lor dezakete? Bai, bai. Hor ikasketa automatikoaren teknikak asko garatzen ari dira. Datuetatik informazioa atera, informaziotik arau berriak atera... hori guztia aurrera doa. Gidaririk gabeko autoak badira eta gu baino seguruagoak dira. Erabakiak hartzeko abiaduran eta egokitasunean, ondo eginda badaude, gu bezain onak izango dira, ez oso epe luzean. Lan merkatuaren esparruan adimen artifizialak zein jauzi berri eragingo du? Arlo horretan pertsona aditu gero eta gehiago beharko dira. Teknika hauek gero eta alor gehiagotan sartzen ari dira; ez enpresetako roboten programazio soila, baizik eta robotek ikas dezaten teknikak garatzen… horretan lan egin beharko da. Lan ez espezializatua gutxituko da, baina esku-lan espezializatua ugarituko da. Eta lan horiek askoz hobeak dira. Diseinuan eta horrelako kontuetan langileak beharko dira, eta hemen ez bada Alemanian edo Danimarkan edo Galesen izango da. Euskal Herria gurdi horretan sartzea lortu behar dugu, hor egon behar dugu. Zaila da, ikusita ze politika ekonomiko dauden, batez ere PPren Gobernuarena. Adimen artifizialaren esparruan sortzen diren zalantza nagusiak lan merkatuari buruzkoak dira, lanpostuak galduko direla-eta. Langile asko kaleratuko omen da. Zuk horrela ikusten al duzu? Niri ez zait hori gertatuko denik iruditzen. Hemen zerbait badaukagu, goi mailako hezkuntza oso hedatua da. Euskal Herrian, goi mailako hezkuntza, ikasketa unibertsitarioa, dutenen portzentajea Europako altuenetakoa da. Hemen horrek ez luke kezka izan behar. Kezka hezkuntza sistema oso maila apalean garatuta daukaten lekuetan izan behar dute, bertan lan ez espezializatuekin bizi direlako. Hemen jendea lan espezializatu horretara bideratzea lortu behar dugu, hedatzea. Gero, espezializazio maila desberdinak daude: mantentzea, diseinua..., ingeniaritzak goian daude, baina beherago lanbide heziketak, teknikariak daude. Hor beti egongo da lana. Sistema hauek, beste edozein sistemak bezala, atzetik lana dakarte. Lortu behar duguna da gizarte honetako gazteak lan horiek egitera bideratzea. Eta lan gutxiago eginez bizi bagaitezke, lana banatu beharko da; horrek ez luke arazo izan behar. Herrialde garatuak aipatzen dituzu; alde horretatik, herrialde garatuenen eta gutxien garatutakoen arteko zuloa are gehiago handituko al da? Hori gertatuko da, beti bezala, guk hori nahi badugu. Guk kanpoan gerrak sortzen baditugu beraiek garatu ez daitezen, orain egiten dugun bezala, herrialde horiek miserian mantenduko ditugu. Baina badaude garapenean dauden zenbait herrialde, India eta Txina, esaterako, oso atzetik zetozenak baina gai hauetan oso aurrean jarri direnak. Zergatik? Teknologiaren munduan sartu direlako, salto handia egin dutelako. Hezkuntzan, zientzian, teknologian asko inbertitzen ari dira, eta orain unibertsitateetan gai horietan asko lantzen ari dira. Adimen artifizialaren mundura salto egiteko ez da hainbeste egin behar, hezkuntza sistema on bat behar da, hori da garatu behar dena. Interneteko konexioa, zientziarako sarbidea behar da, baina hori lortzea ez da zaila. Aurrerapen zientifiko eta tekniko guztiak denen eskura daude, haiek ere badaukate aukera. Baina hori politika da, nazioarteko politika, honek ez dauka zerikusirik adimen artifizialarekin. Txina eta India aipatu dituzu; arlo honetan munduko eragile nagusiak zeintzuk dira? Adimen artifizialean AEBetako enpresak ari dira dirua sartzen; Europan ere Silicon Valleyren antzekoak egin nahi dituzte, alemanak hor dabiltza, frantsesak saiatzen dira, Britainia Handian… Nik Txina ikusten dut indartsu, nazioarteko kongresuak antolatzen, oinarrizko zientzian asko inbertitzen, gauzak egiten ari dira. Indiak jendea esportatzen du, gero bueltatzeko esperantzarekin edo. Hau inbertsio kontua da, eta ondo kokatzea. Euskal Herrian nola gaude? Hemen, lehen esan bezala, goi mailako hezkuntza daukan jende asko dago. Noski, ez gaude Alemaniako eremu teknologiko horien mailan, edo Danimarka, Suedia edo Londreseko inguru horren mailan, baina gure txikitasunean, hemen gaude. Eta hemen ikerkuntza taldeak ditugu, gauza politak egiten ari dira, asko publikatzen da, eta EHU bezalako Unibertsitate batean, gure baliabideekin, publikazio oso onak egiten dira. Aspalditik ari gara gauza hauetan lanean. Bidea hori da. Euskal Herrian, meatze guztiak hustu genituen, arrainak ere laster akabatuko ditugu denak, ez dugu beste ezer, lepotik gorakoa soilik, eta hori txapela eramateko bakarrik erabiltzen badugu, gaizki goaz. Hezkuntzan, unibertsitatean, ikerkuntzan lan handia egiten ari da, eta ehun ekonomikoan, industrialean, berdin dabiltza? Gauza batzuetan aurrerago ere egon daitezke. Teknologiaren aplikazioaren aldetik gu agian ez gara hainbeste sartzen, gurea oinarrizkoagoa da eta gero beraiek aplikatzen dute eta makina oso potenteak egiten dituzte. Hemen ere zentro teknologikoak daude, eta hor zientzia asko dago. Horiek gugana lankidetza eske etortzen dira asko. Kolaborazioa ikaragarria da, elkarlana estua da, eta hori behar da, elkarlana da onena. Horiek diru gehiago dute, inbertitzen dute, baina gu erabiltzen gaituzte, eta guk gauza berriak egiten ditugu eta haiek aprobetxatzen dituzte. Hori da helburua, azken finean. Esparru sozioekonomikoaz harago, adimen artifizialaz ari garenean deigarria da aditu askok haren balizko arriskuez egiten dituzten aipamenak. Hau guztia nola ikusten duzu? Bonba atomikoaren botoia daukanak ere berdin akabatu dezake gizateria, eta badaude botoi horiek kontrolatzen dituztenak. Beti esaten dira horrelako gauzak, baina nik kasu handirik ez diet egiten. Jendea oro har ez doa hor zehar jendea akabatzen, baina baten bat bai, egongo da. Honekin gauza bera gertatzen da; programatzaileren bat egongo al da noiz edo noiz horrelako zerbait egingo duena? Agian bai, baina AEBetan arma piloa dute eta batzuk eskoletan jendea hiltzera dedikatzen dira… dena berdina da. Hor sortzen den eztabaida edo zalantza da ea noraino utz dakiekeen makinei erabaki guztiak beren kabuz hartzen, gizakien batere zaintzarik gabe. Hori arlo askotan jadanik gertatzen da. Kotxe autogidatu batek ere erabakiak hartzen ditu, jadanik aukera hori eman zaio. Mugak non daude? Mugak gauzak ondo egitean daude. Baina adimen artifizialaren garapenean gizakiaren kontrol tresnak ezarri behar al dira? Eragile gainbegiratzaileren bat egon behar dela uste al duzu? Oraindik gizakiak gara hau dena garatzen ari garenak, eta oraindik dena gure esku dago. Aurrera begira, egoera futurista batean, makinak beraiek izan al daitezke makina berriak garatuko dituztenak, eta gure kontra jarriko dituztenak…? Gerta daiteke. Kontrol bat beharko da, bale, baina hori zientzia fikzioa da momentuz. Orain ere armak egiten dira, guk hemen egiten ditugu eta munduko beste lekuetan erabiltzen dira. Kontrola daukanak kontrola mantendu nahiko du, eta ez duenak besteari kendu; baina lehen esan bezala, hau dena politika da. Oro har, gizarteak gutxi daki adimen artifizialaz. Azaltzen ari diren beldurren atzean ezjakintasuna egon liteke? Gauza berriak sortzen direnean beldurrak beti izaten dira. Aurreneko kotxeak beldurra sortzen zuen, lehenengo trenak beldurra sortzen zuen, eta oraindik ere hegan egiteak jende askori beldurra eragiten dio. Adimen artifizialetik etor daitezkeen kontuek beldurra sortuko dute, noski, baina berria den guztiak sortzen duen bezala. GU BEZAIN ONAK «Erabakiak hartzeko abiaduran eta egokitasunean gu bezain onak izango dira eta ez oso epe luzean» BELDURRAK «Gauza berriak sortzen direnean beldurrak beti izaten dira. Aurreneko kotxeak beldurra sortzen zuen, eta lehenengo trenak, eta oraindik hegan egiteak askori beldurra eragiten dio» EUSKAL HERRIAN «Gure txikitasunean, hemen gaude. Ikerkuntza taldeak ditugu, gauzak egiten dira, asko publikatzen da, eta EHU bezalako unibertsitate batean, gure baliabideekin, publikazio onak egiten dira» BIDERATU «Euskal Herrian lan espezializatu horretara jendea bideratzea lortu behar dugu, hori hedatzea» HEZKUNTZA «Adimen artifizialaren mundura salto egiteko hezkuntza sistema on bat behar da, batez ere»