GAIAK

Piraten uberan, Birjina uharteetan

Uharte gehienak, batez ere Karibekoak, piraten inguruko oroitzapen eta istorioz josita daude, baina ontziak gotortu, ezkutatu eta erasorako badiaz betetako artxipelagorik bada, zalantzarik gabe, Birjina uharteek osatzen dutena da.

Birjina uharteak.

Karibe osoan hainbat irudi errepikatu ohi dira: esklabotzaren memoria, azukrearen kultura, plantazioak, rona, matxetearen sinboloa, matxinada ezezagun ugari, urakanek eta sumendiek markatutako natura basatia, eta, nola ez, legeak dioenetik urrun egotearen sentipena. Piratak dira legez kanpoko figura horren sinbolo argienetakoa, ziur aski. Eta Birjina uharteak, berriz, islarik argiena.

Antilla Handien eta Haizebeko uharteen artean diren dozenaka irla txiki biltzen dituzte Birjina uharteek; ekialdekoak Erresuma Batuaren menpeko Birjina Uharte Britainiarrak dira, eta, mendebaldekoak, Ameriketako Estatu Batuen menpeko Birjina Uharte Amerikarrak. Mendebalderago dauden Vieques eta Culebra ere artxipelago horretako parte dira, baina espainieraz hitz egiten dute bertan eta Puerto Ricoren baitan hartu ohi dira.

Birjina uharteetako lau irla nagusietan ibili gara. St Thomas da denetan ezagun eta bisitatuena. Ez ederrena delako, inguru paregabe ugari baditu ere. Charlotte Amalie hiriburuan nahasketa berezia dago: Ameriketako Estatu Batuetako kultura berehala nabari da. Espainieraz ere nahiko entzuten da; ostatutik itsasertzera jaistean, kolore hori, arrosa zein berde biziak dauzkaten etxe txikien auzunetik pasatu gara, bachata entzuten da, jende asko dago kalean eta Dominikar Errepublikako eta Puerto Ricoko espainiera darabilte gehienek.

Handik metro gutxira, hiriaren erdialdean, aldatu egiten da ikuspegia. Antillar hispano mulatoen ordez, bereizketa argiagoa da: bertako biztanle beltzak, turisten ibilaldi gidatuetako gidari, azoketako saltzaile edo bestelako langintzetan, eta, bertakoen bezero estatubatuar zuriak, portura iritsitako itsasontzietatik jaitsi berri. Ez alferrik, St Thomas da Karibe osoan kruzero gehien jasotzen dituen uhartea. Oso normala da turistaz betetako bizpahiru itsasontzi erraldoi ikustea goizean goiz portuan, eta lauzpabost ere egoten dira noizean behin. Horrek, bistan da, erabat aldatzen du horren uharte txikiko bizimodua.

Daniar jatorria

Hiri ederra eta historia luzekoa da Charlotte Amalie, ordea. Gobernuaren egoitza dotorean, bertako banderen ondoan, ezagun zaigun zuri-gorri bat ikusi dugu. Merkataritza-eremu batek Royal Dane’ izena dauka, eta Kopenhage eta Iparraldeko Europako adreiluzko arkitektura ageri dute kale eta saltoki garesti bihurtutako zenbait etxek. Izan ere, Antilletan Danimarkak izan zituen jabetzak izan ziren garai batean egun Birjina Uharte Amerikarretako parte diren hiru irlak. 1666tik XX. mendera arte izan ziren eskandinaviar.

Karibeko porturik bizienetakoak ziren St Thomas eta hegoalderago dagoen St Croix uharteak: esklabotza-azoka garrantzitsu izateaz gain, piraten gordeleku eta azukre-merkataritzako gune ere izan ziren. XIX. mendearen erdialdean gainbehera joan ziren, esklaboek askatasuna lortuta, eta Lehen Mundu Gerran Ameriketako Estatu Batuek uharteok erosi zizkioten Danimarkari, lehenago Alaska Errusiari eta Florida Espainiari legez. Fort Christian gotorleku zaharrak adierazten du ondare eskandinaviar horren indarra. Aldamenean, Emancipation plazan barneratu gara, turistak souvenir bila eta bertakoak fruta erosten eta matxetearekin partitzen.

Atzeko parkean esklaboen askatasuna gogorarazten duen eskultura dago, eta, mendebalderantz, behinolako merkatari kaleak, gaur ere saltokiz beteta. Baita Ameriketako bigarren sinagoga zaharrena ere (Curaçao uhartean dago zaharrena, iaz kaleratutako zenbaki batean agertu genuen legez).

Muinoan gora eraikin historiko ugari daude, horietako batean hartu dugu ostatu, goizean Karibeko ikuspegi bikaina izateko. 99 maila (103 omen dira egiaz) Blackbeard edo Bizarbeltzen dorrera. Kondairak dio hantxe hartu izan zuela ostatu Robert Louis Stevensonek ‘Altxorraren Uhartea’ eleberrian famatutako piratak. Bizar eta tximetara suz piztutako metxak lotzen omen zituen abordatzeetan, aurkariak izutzeko. Kondairarekin jarraituta, atzetik eraso eta burua moztuta baino ez ei zuten hil. Kareletik itsasora jaurtita, hiru buelta eman ei zizkion itsasontziari bere gorpuak, hondora joan baino lehen. Bizarbeltzen gazteluan, estatubatuarren tradizio zinematografikotik hurbilegi agian, piraten kontuak jasotzen dira, bestelako erakustoki eta saltokiekin batera.

Hiriburutik kanpo, kruzeroetako autobusak mendian gora eta behera ibili ohi dira iparraldeko eta ekialdeko hondartzen bila. Uharte txikia izanda ere, eremu horietatik kanpo lasai antzean gabiltza, bertakoekin solasean. Hala ere, oso bisitatua izanagatik, merezi du Magens Beach ederreraino joatea. Jaiegunez iritsi gara, eta uharteko hainbat familia ari dira egun-pasan, pelikanoei begira. DJak sound-systema ere ekarri du hondartzako bazter honetara. Beste aldean, turista zuriak dira nagusi. Zaparrada hasi da eta gehienak uxatu ditu, eta, eguzkia berriz irtetean, uretan olgetan, parrillan jaten eta musikaz gozatzen ari diren antillar familiekin batera gaude.

St John's ferry txango labur batera dago St Thomas ekialdetik, baina beste mundu bat dirudi. Bizpahiru herri txiki daude, ondare arkitektoniko handirik gabe (azukre-ola baten hondakinak bisita daitezke), luzaroan britainiarren eta danimarkarren arteko borroka-leku izan zelako, orain batzuena, gero besteena. Eta piraten gordeleku, ia beti, ontziko paisaiak erraz azaltzen duen legez: irla eta irlatxoz jositako inguru bikaina da, edozein sakonetan ezkutatu eta ustekabean eraso egiteko... edo altxorra gordetzeko. St John's uharte ia osoa parke nazional batek hartzen du; mendi ibilbideetarako leku egokia da, eta ur kolore zoragarrietan bainua hartu eta urpean ibiltzeko, paregabea. Parke nazionalak Ameriketako Estatu Batuetan sortu ziren, eta St John's bertakoa ere dotore eta aratz daukate, bidexkak argi markatuta, errepideak ondo asfaltatuta eta ikuspegi ederrenak ondo adierazita.

Ametsetako hondartzak

Trunk Bay badiako hondartza da bisitatuena. Ur garden eta lasaiak, harea ezin finagoa, eta jende lartxo, aukeran. Badu bestelako berezitasun bat, igerian ehun metro ingurura esnorkel egiteko leku ederra baitauka hondartzak badia aurreko irlatxoaren inguruan: arrain ugari, koral asko eta... urpeko seinaleztapena! Dozena erdi seinale paratu dituzte, ohiko landare eta arrainen berri emateko. Ekialderantz jarraitzeko, aduana pasatu behar da, itsasoz joanda ere.

Tortola da Birjina Uharte Britainiarretako irla nagusia. Cane Garden Bay badiako hondartzan dugu ostatua, ur-ertzean bertan dagoen hotel txikian. Bidea malkartsua da, uharte osoa legez; itsasotik oihanera segundo batzuk baino ez daude. Bomba's taberna ezagunetik pasatu gara, gizonen artean batez ere; ilargi beteko jaiek eta bertako perretxikoz egindako edari hordigarriek egin dute lekua ezagun.

Cane Garden Bay lasaiagoa da, ustez Tortolako hondartza gune nagusia izan arren. Hondartzako hiruzpalau ostatuek txanda pasatzen diote elkarri, gauero musika zuzenean eskaintzeko. Egunez, uretan doa eguna. Muinoen beste aldera, Road Town hiribururaino etorri gara, beste ferry bat hartzera. Baina gaur ez dagoela diote. Laster agertu da Egbert izeneko patroia eta ontzia eskaini digu. Tratuan hasi gara, baina kruzero eguna da eta agertu dira estatubatuarrak. Virgin Gordaraino goaz, Karibeko lekurik txundigarrienetakora. Zorionez, kruzero bakarra etorri da gaur, osterantzean goitik behera jendez beteta izango bailitzateke uhartea.

‘Birjina Lodia uharte luze eta zokogunez beterikoa da. Kornuallesko meatzariak egon ziren duela ehun urte hegoaldean, eta handik hur, The Baths itsas parke zoragarria dago. Itsasoz hurbiltzeak bestelako indar bat daukala iruditu zait agian inoiz ikusi ditudan hondartza ederrenetan gabiltzala. Asko dira harea fin eta ur gardenak Kariben, baina The Baths-eko harritzarrek magiko egiten dute lekua. Devil's Bay badian utzi gaitu Egbertek; handik hogei minutuko ibilbide itzela dago hondartza eta haitzen artean The Bath's zoragarriraino. Hara helduta, patxada, gozamena, harkaitzen artean urpeko bizimoduaz gozatzea dator. Eta berriz patxada, munduko lekurik ederrenetakoan zaudela jakitun.

Arrastian, bueltan dator Egbert Tortolara eramateko. Moilarik gabe, uretatik igo gara ontzira. Atzean jarri ditu estatubatuarrak, branka utzi dit niri. «Zabaldu hozkailua eta pasa edariak atzera!». Haizea aurpegian urruntzen gara Virgin Gordatik, ron eta izotzez betetako edalontzia eskuetan. Tortolarantz goaz ipar-mendebalderantz, ababorretik itsas harkaitzen eta uhartetxoen ikuspegi paregabearekin, pirata zuloaz gozatzen.